Euskal Sagardoa

Euskal Sagardoarekin gozatzeko dastaketa gidatuak egingo dira ostegunero, maiatzan zehar

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 30a, 00:00
Mikel Garaizabalek gidatuko ditu internet bidezko dastaketak.

Mikel Garaizabal sumiller eta enologoak zuzenduko ditu saioak. Dastatzeek 45 minutu iraungo dute, eta 15 euroren truke, etxean jasoko dira hiru sagardo botila eta hiru kopa, dastaketa gidatua egiteko.

Txotx denboraldia etenda geratu bada ere, bada sagardoaz gozatzeko hamaika aukera. Eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen Sagardoa Route ekimenak proposamen berri bat egin du: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoen dastaketa gidatuak, online egitea.
Gaur egingo da aurrenekoa, baina saioa beteta dago. Hurrengoak, maiatzeko ostegunetan egingo dira, 19:00etan hasita, eta izen-emateak aurreko igandetan itxiko dira, materiala etxeetara bidaltzeko nahikoa denbora izateko.

Saio bakoitzaren erosketa, online
Dastaketa gidatu hauek online egingo dira, eta Mikel Garaizabal sumiller eta enologo ezaguna izango da hauek gidatzeko arduraduna.
Saio bakoitzak 45 minutuko iraupena izango du, maiatzeko ostegunero, 19:00etan hasita, eta 15 euro balio ditu. Saio hauetan parte-hartzeko, ordainketa hori lotura honetan sartuta egin behar da: https://www.sagardoa.eus/eu/116-sarrera-ticketak.
Izen-emateak saioa baino lau egun lehenago, aurreko igandean itxiko dira, dastaketa egiteko behar den materiala etxeetara bidaltzeko nahikoa denbora izateko. Hain zuzen, dastaketa bakoitzerako hiru euskal sagardo botila eta hiru kopa bidaliko dira. Erositako saioan parte hartzeko lotura, berriz, behin erosketa eginda, bezero bakoitzari jakinaraziko zaio helbide elektronikoaren bitartez.
Gaurkoa beteta dagoenez, beste lau saio izango dira aukeran: maiatzaren 7koa, 14koa, 21ekoa eta 28koa.

Ekimen gehiago, aurrerago
Oraingoz, hau da Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak aurreratu duena. Baina jakinarazi du ekimen gehiago martxan jartzeko asmoa daukala. 
«Alarma egoeraren amaiera eta deseskalatzea aintzat hartuta, azalduko ditugu, pixkanaka, aurtengo proposamen eta berrikuntza nagusiak, bertako jendeak eta estatukoak sagardoaren kulturaz goza dezan aurten ere».

Txotx, etxean
Hain zuzen, sagardotegiak itxita badaude ere, gehienek lanean jarraitzen dute, etxeetan sagardorik falta ez dadin. Asko dira jasotzen dituzten eskaeren arabera sagardoa etxera eramaten dutenak.
Horrez gain, badira sagardotegi batzuk txotx garaiko giroa etxeetara eramaten saiatzen ari direnak ere. Horiek, sagardoaz gain, txotx garaiko menua ere etxean jateko moduan prestatzen dute, eta proposamen berririk egin duenik ere bada. Sagardotegi bakoitzaren webgune eta telefonoetan topatu daiteke informazio gehiago.

DASTAKETA GIDATUAK
ERRESERBAK, 15€: 
https://www.sagardoa.eus/eu/116-sarrera-ticketak
Saioak, 19:00etan: 
Maiatzaren 7an.
Maiatzaren 14an.
Maiatzaren 21ean.
Maiatzaren 28an.
Materiala: 3 Euskal Sagardo botila eta kopa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!