Bertsolaritza

Joxepa Zubeldia eta Eñaut Agirre, bihar Hitzetik Hortzeran

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00

Historiako emakume bertsolariei eskainiko diete saioa, eta haien bertsoei ahotsa jarriko die Agirrek, eta musika Joxan Goikoetxeak.

Konfinamenduak ohiko plazak etxera eraman baditu ere, bertsolaritza geldirik dagoenik ezin da esan. Bakoitzak bere etxetik kantatuta, makina bat bertso saio ari dira eskaintzen bertsolariak, aste hauetan ere.

Horren adibide dira, tokiko zenbait hedabidek antolatutako saioak, etxetik etxera, eta baita Bertsozale Elkarteak prestatu dituenak ere. Saio horien agenda, bertsozale.eus webgunean kontsultatu daiteke, eta irekiak dira. Atzo bertan, Hernaniko Bertso Eskolako bi kidek, Eli Pagola ereñotzuarrak eta Aitor Mendiluze andoaindarrak, hartu zuten parte, beste sei bertsolarirekin batera, arratsaldeko online saio batean. Eta gaur, beste saio bat izango du Mendiluzek berak, 21:00etan: Algortako bertso afari klasikoa.

Online egindako makina bat saioren bideoak, ikusgai daude bertsoa.eus webgunean. Tartean dira Agin Laburu, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendirenak ere.

Eta internet bidezko aukerekin batera, igandero eskaintzen du Hitzetik Hortzera saioa ETB1ek. Biharkoan, historiako emakume bertsolariak izango dira protagonista, eta tartean egongo da, beste behin, Joxepa Zubeldia hernaniarra ere. XX. mende erdialdera arteko erreferentzia historikoak eta 14 emakumeren bertsoaldiak jaso dituen bertso bilduma eskainiko di­tuzte saioan, 15:00etan hasita.

Bilduma osatzen duten bertso horiei, hiru bertsolarik jarriko diete ahotsa, Eñaut Agirre hernaniarrak, Maddalen Arza­llusek eta Oihana Iguaranek; bi musikarik lagunduta, Joxan Goi­­koetxea hernaniarrak eta Gari Otamendik.
Bestalde, bertan behera geratu dira aurtengo Bertso Udalekuak, Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!