Udala

Elikagaien banaketa egin dute, Astigarragan eta Goizuetan ere

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00
Elkarlanean aritu dira Goizuetan, elikagaiak banatzen. Argazkia: Goizuetako Udala

Behar duten familiei elikagaiak banatu zizkieten asteazken eta ostegunean, Elikagai Bankutik jasotakoak.

Aste honetan egin dute elikagaien banaketa, Astigarragan eta Goizuetan, beharra daukaten familientzat. Elikagai Bankutik produktuak jaso, eta bi herrietako Udalek eta boluntarioek hartu dute ardura, horiek banatzeko.

Goizuetan, ostegunean egin zuten banaketa, eta Goizuetako suhiltzaile boluntarioak, Gizarte Zerbitzuetako langileak eta Herritarren Laguntza Sareko boluntarioak aritu ziren horretan.

Astigarragan, berriz, asteazkenean egin zuten banaketa, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak koordinatuta, eta bolondres sarearen laguntzarekin. Herriko 32 familiari banatu zizkieten elikagaiak, eta 3.200 kg inguru izan ziren guztira.

Martxoan elikagai banaketa eten zela eta, Udalak dirulaguntzak eman zizkien 20 familiari, elikagaiak erosi ahal izateko, 3.270 euro guztira. Azken asteotan, baina, Elikagai Bankuaren abixua jaso du Udalak, esanez ber­tan zeuden elikagaiak jaso zi­tzakeela, herrian banatzeko. Brigadako langileek bildu zi­tuzten Oiartzungo Elikagai Bankuan eta Caritasen lokalean zeuden elikagaiak, eta Gizarte Zerbitzuak arduratu dira banaketa koordinatzeaz: bolondres sareko bederatzi boluntariori deitu, eta denak azaldu ziren prest horretarako. «Gure esker ona adierazi nahi diegu, egindako lanagatik eta azaldutako prestutasunagatik». Elikagaiak jasoko zituzten familiak aukeratzeko, berriz, irizpide hauek erabili dituzte: aurreko dirulaguntza hori jaso zuten familiak; Caritaseko zerrendan zeudenak; eta beste oinarrizko diru sarrerarik ez dutenak (RGI, lansaria edota pentsioak). Hiru txandatan antolatu zuten banaketa, bakoitza bi ordukoa, segurtasun neurriak bermatzeko.
Udalari dagozkion elikagaien zati bat, Oiartzungo lokalean utzi zuten, aurrerantzean banaketa gehiago egiteko. «Datozen asteotan aztertuko dugu, beharra duen beste familiarik ote dagoen, eta hala balitz, bigarren banaketa bat antolatuko genuke», diote. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!