Literatura

Paperezko orri edo orri elektroniko artean, baina trebatu zure burua irakurtzeko artean

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00

Liburu Eguna pasa berri da. Askok irakurriko zituzten, honezkero, etxeko liburu guztiak. Baina etxetik atera gabe ere, gehiago irakurtzeko moduak eskaini dituzte Astigarraga, Hernani eta Leitzako liburutegiek, eta Doberak.

Konfinamendua arintzeko aukera paregabea eskaintzen dute liburuek, eta aurtengo Liburuaren Nazioarteko Eguna, pasa den osteguna, etxean pasa izanak ez du esan nahi irakurgaiak proposatu eta elkarbanatzeko aukerarik ez dagoenik.

Liburu azalekin kontakizunak
Hain zuzen, Hernaniko Udal Liburutegiak modu berezian ospatu nahi izan du Liburuaren Eguna, eta hainbaten azalak oinarri hartuta, bi istorio josi ditu, bideo banatan liburutegia.hernani.eus webgunean.

Leitzako liburutegiak ere proposamen bera jarri du irakurleen eskura bere Facebook orrialdean, eta hauek izan dira bideoak egin dituztenak. Goizuetatik iritsi zaie liburuen azalak josita osatutako istorio bat.

Ipuin kontaketak online
Liburu Egunaren aurretik, hala ere, hainbat proposamen egin dituzte bailarako liburutegiek, etxean istorio berriak irakurri eta entzun ahal izateko. Horrela, ipuin kontalarien saioak zintzilikatu dituzte Astigarragako Udal Liburutegiaren eta Leitzakoaren Facebook orrialdeetan eta Hernaniko Liburutegiaren webguneko agendaren atalean.

Dobera Euskara Elkarteak, bestalde, audio-ipuinak grabatu ditu: www.dobera.eus webgunean ikusi daitezke ipuinetako marrazkiak, istorioak entzun bitartean.

E-liburutegian, amaigabeko aukera
Gehiago nahi duenak, bestalde, e-liburutegian dauka aukera: eliburutegia.euskadi.eus webgunean liburu elektronikoak eta filmak daude eskura. Behar den bakarra da, ohiko liburutegiko erabiltzaile izena eta pasahitza. Ez daukanak, bere liburutegian eskatu dezake.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!