99 urterekin hil da Barckley ofiziala, Florentino Goikoetxeak lagundu zuena

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 23a, 00:00

Bob Barckley pilotua, hegazkinaren aurrean.

Belgika eta Frantzian zehar Iparralderantz ihes egin zuen britainiarrak, eta Goikoetxea mugalari hernaniarrak gidatu zuen ihesean. Hegazkin pilotua zen, eta Londreseko bonbardaketak sahiesten aritu zen Bigarren Mundu Gerran.

Bob Barckley RAFeko ofiziala hil berri da, 99 urtekin. 1943 urtean bere hegazkina lurrera bota zuten naziek, Frantzia eta Belgikaren arteko mugan. Comete sare klandestinoak lagunduta, ihes egin zuen Belgika eta Frantzian zehar, Ipar Euskal Herrirantz. Eta Urruñatik Oiartzunera bidean, muga igarotzen, Florentino Goikoetxea Beobide mugalari hernaniar ospetsuak, Altzueta baserriko semeak, gidatu zuen ihesean.

1942an, Londreseko hegoaldeko Kent mendialde gainean patruilatuz, Barckleyk eta bere hegazkin-eskuadroiak zibilak ba­bestu zituzten, V1 misiletatik. Suziri-misil hauek hegazkinetatik botatzen zituzten alemaniarrek, Londres gainera. 680 kilometro orduko abiaduran, hiru minutu besterik ez zuten behar misil hauek Londresera iristeko, eta misil bakoitzak, batezbeste, 35 zibil hil zituen.

Bigarren Mundu Gerran, Bob Barckleyk Luftwaffearen hamabi bonba hegalari suntsitu zituen. Baina horietako bat berezia eta ospetsua izan zen. Bere hegazkinaren hegalaren gaineko aire-fluxua baliatu nahi izan zuen, V1 misila desbideratzeko.

Hala egin zuen, baina V1eko giroskopioek berriro programatutako ibilbidea berrabiarazi zuten. Eta beste aukerarik ezean, Barckleyk hegazkinaren hegala sartu zuen misilaren, V1 misila lurrera bota zuen. 

Bob Barckley, hegazkin pilotu britainiarra.

 

Mendiz mendi etorri zen Bob Barckley, muga zeharkatzeko, beste hainbat abiadore bezala. Horietako bat izan zen George Duffe, mugalariei Loidin egiten dieten omenaldira etorri izan dena Hernanira. Eta hark ondo gogoan zuen Florentino Goikoetxea, eta garai haietan bizita­koa, makina bat urte pasa arren. Gauez eta euritan iritsi ziren Euskal Herrira, ihesi zijoazen lau abiadore, «el­karri helduta, ez galtzeko». Au­rretik  zuten Goi­koe­txea mugalari hernaniarra.

Comete Sarea, Bigarren Mundu Gerran pilotu aliatuen salbokonduktua

Florentino Goikoetxea Comete Sareko pieza garrantzitsuenetakoa izan zen. Bi­garren Mundu Gerran Ale­ma­niak okupatuta zituen eremu­e­tan eroritako pilotu aliatuak, berriro etxera itzultzen zituen sarea zen Comete. Sare horretan parte har­tu zutenek, pilotuak jaso eta, bide desberdinetatik, Ipar Euskal Herrira gidatzen z­i­tuzten.

Ondoren, he­men­go gida­rien laguntzarekin, Bida­soa zeharkatu eta Oiartzunera hurbiltzen zituzten. Mugalari eta laguntzaile horietatik bat nabarmendu zen, Hernaniko Florentino Goikoetxea.

Florentino, gauez argi

Abiadoreek, Florentinoren lana eta bere izaera deskibratu izan dute Hernanira, Loidira, etorri izan direnean, omenaldia jasotzera eta eskaintzera. Horietako bat Bob Frost izan zen, 2014an. Urte hartan deskribatu zuen, nola zeharkatu zuten muga, berak eta beste hiruk, Goikoetxearen atzetik: «14 ordu egin genituen mendian, gauez, euritan, eta Florentinok ederki zekien nora jo; pattar botilen bat gordeta utzia zuen zuhaitza ere topatu zuen gau hartan». Ihesaldian la­gun­du zioten guztiei eskerrak eman zizkien, eta bereziki Goi­koetxea izan zuen go­goan, «gizon haundia inon­dik inora».

Joan den urteko martxoan hil zen Bob Frost, 95 urterekin.

Guardia Zibilarekin topo ez egiteko, eremu garaiak

Ihesaldietan, bailara eta auzoetatik aldenduz, eremu garaiak erabil­tzen zituzten, horrela Guar­­dia Zibilarekin eta erregimen frankistaren laguntzaileekin to­po egiteko aukera murrizten baitzuten.

2014ko bisita hartan, Frostek berak kontatzen zuen gertatu zitzaiona, Florentino Hernanira gida­tzen ari zitzaiola: «bideko zulo sakon batean erori nintzen, eta berehala, esku haundi batzuek eutsi eta untxi txiki bat izango banintz bezala zulotik atera ninduten».

Euskal Herritik, Madrilera joaten ziren eta han Britania Handiko enbaxadara joan, eta segurtasun haundiagoko herri­aldetara egiten zuten ihes.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!