Nafarroako autonomoentzat, 700 eta 2.200 euro arteko laguntzak

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 19a, 00:00
Nafarroako Gobernuko kideak, laguntzen berri emateko prentsaurrekoan. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Dirulaguntza zuzenak izanen dira, Nafarroako Gobernuak eskainiko dituenak, eta Espainiako Gobernuaren laguntzekin bateragarriak.

Koronabirusaren eraginez, nabarmen murriztu zaizkie diru sarrerak autonomo askori, osasun alarma egoera indarrean denetik; batzuek, guztiz eten behar izan dute jarduera. Eta horiei laguntzeko, dirulaguntza zuzenak eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak.

700 eta 2.200 euro arteko laguntzak izanen dira, Nafarroako autonomoek jaso ditzaketenak, baldintzak betez gero. Eta dirulaguntza hau, gainera, bateragarria izanen da Espainiako Gobernuak eskainitakoekin.

Eskaerak egiteko epea ez dago zabalik oraindik, oinarriak idazten ari baita Nafarroa­ko Go­bernua; baina deialdia Nafa­rro­ako Aldizkari Ofizialean argi­ta­ratzen denetik, eskaerak egin ahal izanen dira, alarma ego­e­ra bukatu eta hurrengo hilabeteko azkeneko egunera arte. Telematikoki egin beharko dira.

Zenbait baldintza, dirulaguntza jasotzeko

Dirulaguntza jasotzeko, hori bai, zenbait baldintza bete be­har­ko dituzte autonomoek. Hasteko, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon be­har dute, eta Ogasunarekin eta Gizar­te Segurantzarekin or­dain­ketak egunean izan. Beste bal­dintza bat da, 2020an beste la­gun­tzarik ez eskatu izana, lan autonomoa sustatzeko; eta 2018 urtean Ondarearen gaineko Zerga ordaintzeko beharrik ez izana. Bestalde, hileko diru sarrerak ezin dira 2.151 eurotik gorakoak izan (kopuru hori pixka bat haundiagoa izango da seme-alaba kopuruaren arabera, edo familian ezintasuna duen norbait bere kargura izanez gero). Eta azkenik, dirulaguntza jasoz gero, eskatuko zaie gutxienez 12 hilabeteko epean jarraitzea altan emanda Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan.

Jarduera eteteagatik ezohiko prestazioa eskatu ez dutenek ere, izanen dute aukera orain, dirulaguntza hauek jasotzeko, baina 700 edo 800 euroko kopuruan. Horretarako, aurreko baldintzak bete beharko dituzte, eta horiez, gain, beste bi ere bai: batetik, Gizarte Segurantzan edo mutua batean altan emanda jarraitzea, eta baita Jarduera Eko­nomikoen gaineko Zergan ere; eta bestetik, jarduera ez eten arren, gutxienez %30eko beherakada izatea hileko diru sarreretan, aurreko seihilekoaren ohiko batazbesteko sarrerekin alderatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!