Errenta aitorpena

Errenta aitorpenaren kanpaina martxan da, eta ahal dela, interneten egin dadin nahi dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 18a, 00:00
Errenta aitorpena internet bidez egiten saiatzea eskatu dute Ogasunetik.

Aurreko astean hasi zen errenta kanpaina, Gipuzkoan, eta joan den asteazkenetik egin daiteke modu telematikoan. Nafarroan, maiatzaren 6an hasiko da.

Ezohikoa izango da aurtengo errenta aitorpenaren kanpaina ere, Koronabirusaren eraginez. Aurreko astean, apirilaren 6an, eman zioten hasiera, Gipuzkoan, eta joan den asteazkenetik egin daiteke interneten, modu telematikoan. Nafarroan, berriz, maiatzaren 6an hasiko da kanpaina. Aitorpena aurrez aurre egiteko, oraindik ez dituzte datak zehaztu, itxita daudelako bulegoak, osasun alarma egoera dela eta. Ahal dela, internet bidez egitea proposatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak. Hori errazteko, telefono bidezko arreta indartu dute.

Autolikidazio proposamenak prest, Gipuzkoan
Urtero bezala, autolikidazio proposamenak prestatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira, 257.714 proposamen osatu eta helarazi dizkie herritarrei; egin beharreko aitorpenen %66,1. Interneten ere kontsultatu daitezke, www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena web orrian.

Proposamena jaso dutenek, dagoeneko onartu dezakete, web orri horretan bertan, eta hilabete luzatu dute ohiko epea, uztailaren 29ra arte. Aurreikusi dute, 221.000 izango direla proposamena onartu edo aldaketaren batekin ontzat emango dutenak. Izan ere, posible da onartzea aldaketaren bat eginda: etxebizitza edo lokalen alokairuengatik lortutako etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria, dohaintzengatik kenkaria, eta kuota sindikalaren kenkaria. Onarpena emateko, NANa eskatuko dute, eta baita proposamenean agertzen den kodea ere. Web orrian ez ezik, telefonoz ere eman daiteke onarpena, 943 11 30 00 zenbakira deituta: aldaketarik gabe, 08:00-20:00 ordutegian; eta aldaketaren bat egin behar izanez gero, 08:00etatik 15:00etara.

Modu telematikoan egiteko aukera, prest
Uztailaren 29an bukatuko da epea, baita ere, internet bidezko aitorpena egiteko. Aukera honen aldeko apustua egin du Aldundiak, aitorpenen %100a «etxetik mugitu gabe» aurkezteko helburuarekin. Eta horretarako, «bide berriak» zabaldu dituela nabarmendu du: «konfinamenduarekin, ezinezkoa da aurrez aurreko arreta ematea, eta atzeratu egin behar izan dugu modalitate hori. Horregatik, gure ahalegin guztiak jarri ditugu, dauzkagun zerbitzu telefoniko eta telematikoetan», dio Jabier Larrañagak, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak.

Zergabidea plataforma dago martxan horretarako, zergabidea.gipuzkoa.eus webgunean. Autolikidazio proposamena jaso ez dutenek, bertatik lortu ditzakete Ogasunak dituen datu fiskalak, horiekin aitorpena osatu eta aurkezteko; eta falta diren datuak ere, bertan gehitu daitezke, eta baita beharrezko egiaztagiriak atxikitu ere. Zergabidean sartzeko, beharrezkoa da B@kQ kodea izatea; ziurtagiri elektroniko edota posta eta pasahitz baten bitartez erregistroa egitea, alegia. Pauso hori errazteko, hala ere, prozedura telematikoa jarri du martxan Aldundiak, etxetik mugitu gabe eskuratu ahal izateko B@kQ kodea.

Guztia errazteko, gainera, indartu egin du errenta kanpainako telefono bidezko arretaren langileria, 943 11 30 00 telefonoan. Eta aitorpena bere kabuz egin ezin dutenentzat, erraztu egingo dute jarduera beste pertsona bati delegatzeko prozedura, hori ere modu telematikoan eginez: «herritarrei helarazi nahi diegun mezua da beldurrik ez dezatela izan, eta ausartu daitezela Zergabidearen bitartez aitorpena aurkeztera; bereziki Ogasuneko bulegoetan aurkezteko ohitura duten zergadun horiek. Eta, kapaz ez direla uste badute, beste pertsona batean delegatu dezatela».

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi du, aurten 390.000 aitorpen inguru egingo direla lurraldean, aurreko ekitaldian baino 7.000 gehiago. Horien emaitzetan, 288,8 milioi euro izango dira Ogasunak bueltatu beharrekoak, eta aldiz, 264,2 milioi euro zergadunek ordaindu beharrekoak. Gauzak horrela, bukaerako emaitza 24,6 milioi euroko negatiboa izango litzateke, Ogasunarentzat. 

Autolikidazio proposamenak internet bidez, Nafarroan
Nafarroan, berriz, hilabete beranduago ekingo diote errenta kanpainari. Maiatzaren 6tik aurrera, www.hacienda.navarra.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira autolikidazio proposamenak. Aurten, ordea, ez dituzte postaz bidaliko, Koronabirusa dela eta. Horregatik, bere «saiakera guztiak» egingo ditu, herritarrei errazteko tramitazioa, eta laguntza emateko telefonoz zein bitarteko elektronikoekin. 

Maiatzaren 6an bertan hasiko da, baita ere, internet bidezko aitorpenak aurkezteko epea. Nafarroako Ogasunak nabarmendu du, errenta kanpaina «ezohiko baldintzetan» gauzatuko dela aurten, eta gomendatu du internet erabiltzea aitorpenak egiteko. Horretarako, kanpainako arreta eskaintzeko telefonoa jarriko dute martxan, eta bestelako tramiteak egiteko ere, aukera izango da webgunean: PINa eskuratu, edota datu fiskalak eta aurkeztutako aitorpenak kontsultatu, besteak beste.

Gainera, aurreratu du «modu azkarrean» erantzungo diela ordaintzeko betebeharrei, emaitza bueltatzekoa den aitorpenetan. Maiatzaren 11n hasiko dira itzulketak egiten, behar baino gehiago kotizatu dutenei.  

GIPUZKOA

AUTOLIKIDAZIO PROPOSAMENAK
Postaz bidali dituzte, eta ikusgai daude interneten ere: www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena
Onartzeko edota aldaketak egiteko, webgunean bertan, uztailaren 29ra arte epea. Telefonoz ere onartu daiteke, 943 11 30 00 zenbakian (aldaketarik gabe, 08:00-20:00; aldaketak egiteko, 08:00-15:00).
MODU TELEMATIKOAN
Zergabidea plataformaren bidez: zergabide.gipuzkoa.eus. Zabalik dago epea, uztailaren 29ra arte. Arreta telefonoz: 943 11 30 00.
AURREZ AURREKOA
Oraindik datak zehaztu gabe, bulegoak itxita daudelako.

NAFARROA

AUTOLIKIDAZIO PROPOSAMENAK
Ez dituzte postaz bidaliko. Maiatzaren 6tik aurrera kontsultatu ahal izango dira interneten: www.hacienda.navarra.eus.
MODU TELEMATIKOAN
Maiatzaren 6an hasiko da, webgune berean. Arretarako telefonoa jarriko dute martxan, eta bestelako tramiteak ere egin ahal izango dira webgunean: PINa eskuratu, datu fiskalak eta aurkeztutako aitorpenak kontsultatu...
AURREZ AURREKOA
Oraindik datak zehaztu gabe, bulegoak itxita daudelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!