ERRENTA AITORPENA

Epea gaurtik zabalik, errenta aitorpena interneten egiteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 15a, 00:00

Gipuzkoako Ogasunak gaur jarriko du martxan Zergabidea plataforma, errenta aitorpena egiteko.

Badira egun batzuk, 2019ko errenta aitorpenaren kanpainaren barruan, autolikidazio proposamenak kontsultatu, aldaketa jakin batzuk egin, edota onartu daitezkeela, Gipuzkoan. Apirilaren 6tik egin daiteke hori,  www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/errenta/autolikidazio-proposamena­ web orrian. Guztira,  257.714 proposamen prestatu ditu Gipuzkoako Ogasunak.

Baina autolikidazio proposamenik jaso ez dutenek, edota jasota ere berria egin behar dutenek, dagoeneko badute aukera. Gaurtik aurrera, internet bidezko aitorpenak egin daitezke, Zergabidea plataformaren bitartez: zergabidea.gipuzkoa.eus web orrian egin behar da.

Aurrez aurre egiteko aukera, momentuz, atzeratu egingo da, itxita daudelako bulegoak, Koronabirusak eragindako osasun alarma egoeragatik. Eta horregatik, nahi dute ahalik eta herritar gehienek erabiltzea modu telematikoa, errenta aitorpena egiteko. Hori errazteko, indartu egin dute telefono bidezko arreta, 943 11 30 00 telefono zenbakian. Gainera, bere kabuz egiterik ez dutenei, erraztu egingo diete beste pertsona bati delegatzeko prozedura.

Autolikidazio proposamenen kasuan bezala, hilabete luzatu dute internet bidezko aitorpenak egiteko epea ere, eta uztailaren 29ra arte dago aukera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!