IKASTETXEAK

Hernaniko hiru ikastetxek, energia arduraz erabiltzeko konpromezua hartu dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 13a, 00:00

Iazko irailaz geroztik, Hernaniko hiru ikastetxek bat egin zuten 'Euronet 50/50' proiektuarekin, hau da, energia aurrezteko eta arduraz kudeatzeko ekimenarekin hain zuzen. Parte hartzen duten ikastetxeak, Elizatxo, Urumea eta Txirrita dira.

Euronet 50/50 programa, europar ekimen bat da, eta bertan klima aldaketaren aurka borrokatzeko energia aurreztea da helburu nagusia, «bereiziki udalen jabetzakoak eta kudeaketa zuzenekoak diren lehen hezkuntzako eraikin publikoetan». Hori dela eta, iazko irailetik, Hernaniko hiru ikastetxek bat egin dute proiektu honekin,  «energia aurrezteko eta arduraz kudeatzeko asmoz». Parte hartzen ari diren ikastetxeak, Elizatxo, Urumea eta Txirrita dira. 
Programa honetan barneratzen diren jarduerei, eta aurrera eramaten diren fase ezberdinei esker, ikasturtea amaitu ondoren, lortutako aurrezpenen kalkulua egingo da, eta udalak ikastetxe ezberdinekin sinatutako hitzarmenen baitan, lortutako aurrrezpenen zatia, eskolei dirutan itzuluko zaie, «eta beste zatia udalak aurrezpen-jarduerak eta energia-eraginkortasuneko neurriak burutzeko erabiliko ditu». 

Proiektuaren faseak 
Proiektuaren lehen fasea, energia taldea eratzea izan zen. Eskola bakoitzak bere taldea nola osatu erabaki arren, «ikasleek zuten, kasu guztietan protagonismo nagusia, horrez gain, irakasleak, udal-mantenuko arduraduna, eskolako zuzendaria eta atezaina ere talde honen parte aktiboak dira». 
Behin energia taldea osatu zenean, energiari buruzko trebakuntza zein sentsibilizazio saioak jaso zituzten ikasleek, hala nola, aurrezki energetikoa, energiaren erabilerari buruzko jardunbide egokiak eta energia-motak aztertu ziren hainbat dinamika ezberdinen bidez. 
Ekoletako azpiegitura eta in­stalazio motak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, «udal langile baten eta kontratatutako aholkularitzaren laguntzarekin». Prestakuntza eta sentsibilizazio saioak amaitu zituztenean, energia taldeko ikasle ordezkariak «energia inspektore» izendatu zituzten, eta «energiaren erabilera modu arduratsuan egiten dela zirutatzea zen haien eginbehar nagusia».
Bigarren hiruhilekoan zehar, ikastetxe bakoitzean energia ibilbidea egin dute, eta energiaren ikuskaritza osatzeari ekin zaio, «modu honetan, eskolako eraikinaren ikuskaritza osatuko da eta energiaren kontsumoaren alderdi ezrberdinak aztertuko dira», hala nola, ur beroaren erabilera zenbatekoa den, argiztapenaren kontsumoa asko  den, berokuntza sistema...  
Aurrekoaz gain, eskolako geletako tenperaturak egunero hartu zituzten ikasleek, «termometro eta datuen bilketarako orri batzuen laguntzarekin». 

Konfinamendua amaitzean,  hurrengo urratsa 
Hurrengo urratsa, egungo osasun alarma eta konfinamendua amaitu ondoren egingo dela azpimarratu dute, «ekintza-plana eta konponbideak porposatzea» izango dena hain zuzen. Horretarako, ikasleek ikuskaritza fasean jasotako emaitzak aztertu eta elektrizitate kontsumoa jaitsi, «berokuntza sistema eraginkorragoa lortzeko ideiak eta hobekuntzak proposatuko dituzte». 
Jarduera eta praktika onak martxan jarri ondoren, «gastu ekonomikoa gutxitzeaz gain, kontsumo energetikoa, CO2 isurketak eta kutsadura gutxitzea ere lortuko da. Denon laguntzarekin energia arduraz erabili eta klima aldaketari aurre egiteko gai izango gara». 
Hemen ikusgai, Hernaniko hiru ikastetxeek orain arte egindako lanaren bideoa: https://labur.eus/N7Odn

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!