Aurtengo Aberri Eguna ezin da kalean egin, osasun larrialdia medio. Ezintasun horrek berak, ordea, aukera eman du euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko, dolua adierazteko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko.
Hala ere nahiak ez dira askotan betetzen eta beste urte betez Euskal Herriko Aberri Eguna banatuta ospatuko dute euskal herritar desberdinek. Alde batetik Euskal Herria Batera ekimenak bere proposamenak egin ditu eta bestetik EAJ-PNVk bereak. Alderdi jeltzalea ez da atxikitu Euskal Heria Batera ekimenera, bai ordea EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Podemosek ere beste proposamena egin du. PSE-EEk eta PPk ez dute bat egin Aberri Egunarekin.
Euskal Herria Batera ekimenaren proposamenean euskal bi ikurriñak balkoian eta ikur kolektiboa osatzea
Euskal Herria Batera ekimenak proposatzen du 2020ko Aberri Egunean Euskal Herri osoan eta batera ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan egitea. «Horrela aldarrikatuko dugu euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratua nahi dugula. Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango diola gure herriari behar duen etorkizuna. Eta, gaur egun, nazio eraikuntzak behar duela oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; eta baita pertsonen arteko berdintasuna nahiz elkarrenganako zaintza eta errespetua sustatzeko».
Bakoitzaren argazkiekin mosaiko erraldoi bat eta 'Txoriak Txori' abestu
Beraz, Euskal Herria «batera ikur bat osatzen, eta bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin josi dezagun mosaiko digital erraldoi bat, Aberri Egunean sare bidez mundura zabalduko dena» dio ekimenak.
Mikel Laboaren Txoriak Txori abestea proposatu da minutuko isilunea egin eta gero 12:30etan. «Jar dezagun Euskal Herria batera kantuan, egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz, ikurrinez eta Nafarroako banderez apaindutako balkoietan».
EAJ-PNVk Euskal Herria Bateraren ekimena agurtu du, baina ez da atxikitu. Balkoietan ikurriña jartzeko eskatu du eta minutuko isilunean parte hartuko dute. «Krisi honek Euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan aldi berean egindako keinu batekin ospatzeko aukera zabaltzen digu, eta, aldi berean, omenaldia egiten dugu eta gure doluminak adierazten dizkiegu krisiaren biktimei, eta gure esker ona adierazten diegu zaintzen ari garenoi ».
Txaloak eta irrintziak, 20:00etan Podemosek
Podemos atxikitu da Euskal Herria Bateraren egitasmora eta gainera 20:00etako txaloak eta irrintziak egitea proposatu u. «Bizitza jarri behar da erdian eta inor ez dezagun utzi bidean. Pertsonen zaintza da lehentasuna».