Koronabirusa

«Sagardotegiak ez dakit prestatuta ote gauden egoera honi buelta emateko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 10a, 00:00

Altzueta sagardotegiko Ibon Alkorta.

Altzuetako Ibon Alkortak baikorra izan nahi duen arren oso geratuta daudela dio. «Normaltasunera itzultzea oso zaila izango da». 

Hostalaritza eta sagardotegiak ekonomikoki oso kaltetuak izan dira, Koronabirusaren krisiarekin. Sagardotegiek martxoaren 13an erabaki zuten ateak ixtea eta txotx denboraldia bertan behera geratu zen. Altzueta sagardotegiko Ibon Alkortak horrek zer suposatu duen adierazten dio Kronikari. «Kolpe haundia izan da. Telematikoki bilera egin berri dugu sagardogile batzuk eta oso egoera zailak daude. Sagardogileak martxoa itxaroten du, txotx garaian egiten den lana ez da bakarrik hilabete horren lana, gordinik esanda, urte guztirako dirua da. Martxoan zehar urtea pasatzeko lortzen da etekina». 

«Taberna eta elkarteak dira bezero nagusiak eta itxita daude»
Ibon Alkortak, egoera momentu honetan nola dagoen azalarazten du. «Hau ez da asko mugitzen. Ikusiko dugu udaran botila salmenta nola joango den, baina oraingoz oso geratuta gaude. Txotx garaia bertan behera geratu zen eta ez da irekiko. Sagardotegi bezala irekita gaude eta sagastiak zabalik lan egiteko». 
Saltzeko dituzten arazoak agerian daude. «Sagardoa produktu bezala plataformetan atzera geratu da ez bait dago lehentasunezko produktu bezala kontsideratuta. Salmenta postuetan hornidura falta egon da, baina arazo hori berreskuratzen ari da zerbait. Orain herriko denda txikietan saltzen dugu sagardoa». 
Tabernak eta elkarteak izaten dira sagardo gehien erosten dutenak eta hor gauza guztiz geratu da. «Ez dugu botila bakarra saltzen elkarte eta tabernetan. Guretzako bezero potenteenak bi horiek dira». 
Txotx denboraldia garairik indartsuenean geratu zen gainera. «Botila saltzeko denboraldi onean sartzen ginen martxoan. Urtarrila eta otsaila ez dira onak botilak saltzeko, baina eguraldia lagun izaten bada martxoa eta batez ere apirila oso onak izaten dira.  Baikorrak baldin bagara, eta daturik ikusi gabe, ekainean uste dut zerbait etorri daitekeela, baina hori ere txikia eta gutxi izango da. Normaltasuna berriz berreskuratzea oso zaila izango da».

«Martxoan zehar urtea pasatzeko etekina lortzen da eta hori galdu egin dugu. Ea udara nola doan»

«Jatetxe bezala funtzionatzea planteatu dezakete sagardotegi batzuk»
Txotx denboraldirik ez egon arren, sagardotegiak udaran irekita egoteko aukera aipatzerakoan Ibon Alkortak dio: «hori aurretik ere posible zen, sektorean orain badaude beste behar batzuk eta planteatzen edo aztertzen ari dira noraino luzatu daitekeen denboraldia. Txotx garaia amaitu da, horrek ez du atzera bueltarik, baina indartsuena botila da eta sagardotegi bakoitza bere alternatibak aztertzen ari da. Udaran irekitzea beste planteamendu bat izango litzateke eta hostalaritza bezela funtzionatuko luke, jatetxe batek bezala. Horretarako batzuk prestatuagoak egongo dira».
Beldurra dago jendeak zer jarrera hartuko duen hemendik aurrera. «Instituzioetatik arauak ere aldatu daitezke eta sagardotegietako edukiera jaitsi daiteke. Hori ere ikusi beharko litzateke bideragarria den edo ez, sagardotegi bakoitzaren errekurtsoen arabera».  

«Orain arte lortutakoa, Euskal Sagardoa, ez galtzea izan behar da helburu nagusia»
Ildo horri tiraka Alkortak bildur asko du jendea nola aterako den «ekonomikoki eta moralki. Udara oso gertu dago eta ez dakit jendea prestatua dagoen honi buelta emateko».
Altzueta irekita dago sagardo bila joateko edo eskatzeko. «Ez dago normaltasunik, baina martxan gaude. Neurriak hartzen ditugu sagardo bila bateon bat etortzen baldin bada. Gauza da jendeak arazoak dituela hurbiltzeko, kontroletan lehentasunezko produktu bat ez dela entzutea beldurra du bezeroak. Jendea etorri zaigu kezka horrekin. Gero ere sagardotegi batzuk etxez-etxe banatzeko aukera zabaldu dute. Ez daukat garbi horrenbeste litrorentzako soluzioa den. Sektore bezela garrantzia ematen diogu sektore bateratu bat izatea eta horrela atera behar dugu krisi honetatik. Litroak sobran dauzkagu, urteak daramatzagu lanean Euskal Sagardoarekin eta helburuak izan behar du hori mantentzea eta ez goitik-behera erortzea. Kezkatzen digun gauza da oreka mantentzeko gai izango garen,  beharra eta marka aldetik egindako lana ez galtzearen artean».

«Irekita gaude, ez afariak eta bazkariak emateko, eta jendea etorri daiteke sagardoa erostera»

«Ez dugu jan soberakin askorik izan»
Txuleta eta lehengaiekin soberakin haundirik ez dute eduki Altzuetan. Alkortak ez du horrenbesteko arazoa ikusi. «Hori gehiago haragi ekoizleari gertatu zaio, ez hainbeste sagardotegiari. Itxialdia etorri aurretik, aste horretan deiak izan genituen kanpotik erreserbak bertan behera uzten zituztela esateko. Susmoa hartzen joan ginen, protokoloa ere martxan jarri zen eta enpresetako afariak ere ezin ziren egin. Lehengaien eskaerak jaitsi egin genituen arrazoi horiengatik, aurreikuspen bat egin genuean eta nahiz eta azken hilabetean bakailu gehiago jan izan behar izan dugun Altzuetan ez du hainbesterainoko eraginik izan».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!