Udaleku Ibiltaria antolatu dute abuzturako Oiartzungo Arritxulok, Arantzako Aterpek eta Beintza-ORBELA aterpetxeek, 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. XX. mendean kontrabandistek zeharkatutako bideetan barrena ibiliko dira, eta horrela, Aiako Harria, Artikutza, Mendaur eta Leurtzako paraje ederrak bisitatuko dituzte. Horrez gain, erreka bainuan, zuhaitz parkean eta espeleologian ere trebatuko dira gazteak.
Ibilaldiak egunez egingo dituzte, eta Oiartzundik Beintza-Labaienera joango dira, zazpi egunetan. Gauak, bertako aterpetxeetan pasako dituzte: Arantzako Aterpen eta Mendaurko urtegian. Baina, kontrabandisten 'gau lana' nolakoa zen ezagutzeko, afal ondoko solasaldi bat ere izango dute kontrabandoan aritutako protagonistekin.
Bi txanda
Laugarren urtea da egitasmoa antolatzen dela, eta Euskal Herri osoko gazteek eman dezakete izena. Bi txanda antolatu dituzte, bakoitza, gehienez, 20 lagunentzako. Aurrenekoa, abuztuaren 2tik 8ra artekoa, eta bigarrena, abuztuaren16tik 22ra artekoa. Prezioa 285 euroko da.
Informazio gehiago: www.euskarazblaiudalekuak.com