Natura

Zozomikoteak pasa arte udaberririk ez, atzoko elur malutek erakutsi zuten moduan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 31a, 00:00
Lasai ibili dira ardiak larretan, martxoko egun epeletan, negua izan dela ia ahaztuta.

Kondairak dio Martxok egun batzuk eskatu zizkiola Apirilari, artzain harroari lezioa emateko. Eta halaxe, udaberrian sartuta ere, negu giroa izango dugu egun batzuetan.

Astebete pasatxo da udaberrian sartu ginela, eta egun gozo eta epelak ekarri ditu, hasiera batean. Horri begiratuta, izango zen, Zozomikoteak ipuineko artzainak bezala, harro-harro eginda negua aise pasa duela pentsatu duenik. Kondairaren arabera, halaxe egin omen zion burla artzainak, Martxoari: Martxo, Martxo; Martxo gaiztotxo; nere bildotsik txarrenak ere, aixa egiten ziok errekai salto!

Kondairaren arabera, ordea, haserretu egin zen Martxo, eta Apirilari egun batzuk eskatu zizkion, artzainari lezioa emateko. Hain zuzen, Zozomikoteak esaten zaie Euskal Herrian martxoko azken egun eta erdiei, eta apirileko lehenengo egun eta erdiei, gogoratzeko negua berriro ere etorri daitekeela, udaberria izangatik. Eta halaxe gertatu zen atzo. Hotz esnatu zuen egunak, eta zer eta, elurra ere egin zuen Euskal Herriko hainbat txokotan, eta baita Urumea bailaran ere. Onddi eta Adarra mendietako tontor inguruak elurtuta ikusi daitezke oraindik.

Badirudi, gaur ere freskotik joango dela eguna, baina ez dirudi elur askoz gehiago egingo duenik. Datozen egunetan ere, hotz xamar egingo badu ere, pixkanaka epeltzeko joerari eutsiko diola ematen du, eta udaberri giroan sartuko garela, apirilak aurrera egin ahala.

Ipuina entzungai, Doberaren webgunean
Dobera Euskara Elkartearen Ipuin Faktoriaren barruan hainbat kontakizun biltzen dituzten ipuinak argitaratu dira azken urteetan, eta horietan aurrenekoa izan zen Zozomikoteak, Miguel Arrieta Urnietako Le­­garralde baserrikoak kontatutako istorioan eta Italo Calvino italiarrak bildutako bertsioan oinarritua, Alai Zubimendik egindako marrazkiekin.

Koronabirusari aurre egiteko ezarritako berrogeialdia arintze aldera, hainbat ekimen proposatu ditu Doberak, etxean egiteko modukoak direnak, eta horietako bat izan da, hain zuzen, Zozomikoteak ipuinarekin gozatzea. Fisikoki liburua etxean ez daukanak, www.dobera.eus webgunean ikusi ditzake marrazkiak, ipuina entzun bitartean.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!