Lana

Etxeko langileen egoera tamalgarria salatu dute bertan lanean ari direnek

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 30a, 00:00

Etxeko langileak dira kaltetuenetakoak osasun larrialdi honetan.

Gaur Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da, eta alarma egoeran «neurri konpentsagarrietatik kanpoan geratu dira 580 mila etxeko langile».

Gaur Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna, etxean konfinatutako herrialde batekin iritsi da aurten. Hernaniko Amher eta SOS Arrazakeriak elkarteen hitzetan «ondorio latzak aurreikusten dira gure osasunarentzat eta gure ekonomiarentzat. Lehen egunetik, Estatu espainoleko agintariek neurri konpentsagarriak iragarri zituzten langileentzat, autonomoentzat, funtzionarientzat, mikroenpresentzat, makroenpresentzat, bankuentzat eta abarrentzat. Hau da, soldatapeko biztanle gehienentzat eta herrialdeko sektore ekonomikoentzat. Baina batzuk kanpoan geratu dira, haien artean, 580.000 langile, gehienak emakumezkoak, migratzaileak, etxeko eta zaintzako lanean aritzen direnak».

«Egoera larriak azaltzen egiten dute dei langileek»
«Etxeko eta zaintzako lanak ahaztuta jarraitzen du. Balkoiak ez dira txalo zaparradaz betetzen». SOS Arrazakeriaren eta Amherren telefonoetara dei egiten dute askok, problematika anitza eta benetan larriak azaltzen. «Kaleratzeen berri ere ematen digute, baina ezin dira orain arte gobernuak martxan jarri dituen neurrietan anparatu, ez baitute langabezia jasotzeko eskubiderik. Egoera irregularrean dauden langileak larrituta bizi dira, eta polizia-kontrolen beldur dira, ezin baitute justifikatu lanera doazenik».

«Gaur balkoietan etxeko langileentzat txaloak»
Espainiako Gobernuak, etxeko langileen elkarteen protesten aurrean eta aldi baterako, aparteko diru-laguntza emango du hilabete baterako, kotizazio-oinarriaren % 70ekoa, lana guztiz edo partzialki galdu eta Gizarte Segurantzan alta emanda dauden etxeko langileentzat. «Kontraturik gabe langile asko daude, kopuru osoaren %30 inguru. Dei egiten dugu gaur 20:00tan balkoietan etxeko langileentzat izatea txaloak». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!