Babestutako edukia

“Ingeniaritza gradu hau osoa da”

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00

Andrea Romero (21 urte, Astigarraga) Prozesu Industrialeko Ekoteknologien Ingeniaritza graduko 3. maila ikasten ari da  Mondragon Unibertsitatean.

Non egin dituzu orain arteko ikasketak?, baduzu zaletasunik?
Ikasketak San Ignacio de Loyola ikastetxean burutu nituen, batxiler zientifiko-teknikoa egin nuen eta nire zaletasunak zaldian ibiltzea, mendira joatea, musika… dira.

Zergatik aukeratu zenuen Prozesu Industrialeko Ekoteknologien Ingeniaritza gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?
Betidanik gustuko izan ditut teknologia eta ikerkuntza arloak. Mondragon Unibertsitatea aukeratu nuen bere metodologiarengatik, non ikasitako kontzeptuak praktikan jartzeko aukera duzun proiektuetan oinarrituriko (PBL) metodologiaren bidez. Gainera, Astigarragan bizirik, Orona Ideo campusa etxetik hurbil daukat.

Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?
Orain arte bizitako esperientzia oso positiboa izan da. Ingeniaritza munduaren inguruan eta fabrikazio-prozesuei buruz asko ikasten ari naiz, eta hauek ingurumenean duten eragina neurtzen ere ikasten ari gara. Ingeniaritza gradu hau osoa da, eta enpresa batean lanean aurki ditzakezun arlo guztiak jorratzen ditu: fabrikazio-prozesu industrialak, automatizazioa, materialak, elektrizitatea, elektronika... Horretaz gain, ingurumenarekiko jasangarritasuna ere kontuan hartzen du.

Nola definituko zenuke Goi Eskola Politeknikoan jasotzen duzun ikasteko metodologia?
Ez da soilik azterketak egitean oinarritzen; aitzitik, seihilekoan zehar klasean ikusi eta ikasitako kontzeptuekin praktika ezberdinak burutzen ditugu, eta seihileko bakoitzaren bukaeran taldeka proiektu bat aurrera eramaten dugu, aldez aurretik ikasitako kontzeptuak eta beste berri batzuk praktikan jarriz. Adibidez, nire ikasketetan zehar egin ditugun proiektu batzuk banbuzko bizikleta bat eta kartoizko nukleoa duen surf-taula bat izan dira.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana ikasle eta irakasleen arteko harremana da, oso gertukoa delako. Irakasleak zalantzak argitzeko beti prest daude edo behar duzun guztian laguntzeko. Bestalde, campusean tailerrak eta prozesu-industrialetako makinak ere baditugu.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?
Ingeniaritzari buruzko ezagutzei forma ematen jarraitzea gustatuko litzaidake eta horretarako Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen master industriala egitea buruan dut. Behin masterra bukatuta sektore teknologikoan lan egin ahal izango dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!