Babestutako edukia

Euskara etorkizuneko belaunaldien helduleku

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00

Buruntzaldeko udaletako euskara batzordeek, hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnietakoek euskara sustatzen dihardute aspaldidanik eremu anitzetan; besteak beste, etxe barruan. Familia barruko komunikaziorako nahiz belaunaldi arteko transmisiorako bidea euskara izateko ahaleginean ari dira lanean.

Herritarrak ere batu dira zeregin honetara. Etxeko hizkuntza erabakigarria baita sarritan, gerora, norberaren bizitzan ahotan hartzen den hizkuntza hautatzerakoan ere. Asko dira, arbasoengandik jasotako ama-hizkuntza naturaltasunez txikitatik jaso eta erabileraren sokari segida ematen diotenak. Eta beste hainbat, euskaldundu ahala, gerora euskararen transmisio lanetan hasten direnak. Euskaldunduriko edo euskalduntze bidean diren guraso migranteak, esaterako. 

Tartean, aparteko ahalegina egiten ari dira lerrootan bildu ditugun bi emakume; Fatima Fatimetou eta Vanessa Estupiñan. Biak ala biak munduko herrialde desberdinetatik gure artera haien bizi proiektua garatzera etorri ziren duela hamarkada bat. Fatima Saharatik, Vanessa Kolonbiatik. Biak ari dira euskara ikasten, haien sorterriko hizkuntza eta kultura alboratu gabe, euskararen transmisioa etxe barruan bermatzeko. Euskal Herrian jaio eta hezten ari diren seme-alaben eguneroko hizkuntza euskara izan dadin lanean.

Kolonbiarra da Vanessa. Duela 10 urte heldu zen Lasarte-Oriara anaiarekin. Egun, lehen hitzak euskaraz ikasten ari den haurra du.  Euskara jasotzen hasia da eskolan eta etxean.

Vanessa Estupiñan: «Haurrari etxeko lanekin lagundu nahi diogu»
Kolonbiarra da Vanessa. Duela 10 urte heldu zen Lasarte-Oriara anaiarekin. Egun, lehen hitzak euskaraz ikasten ari den ia 3 urteko haurra du. Euskara jasotzen hasia da eskolan eta etxean. «Bat, bi erdaraz esan beharrean euskaraz adierazten du». Bikote lagunak eta berak «dakigun oinarrizkoena irakasten diogu eta ulertzen du». 

Argi zuen Vanessak, hemen bizita haurrak euskaraz ikasiko zuela «eta nik ere bai». Eskolan nahi zutenek euskara ikasten hasi edo indartzeko informazioa biltzen zuen eskuorri modukoa helarazi zieten gurasoei. «Lan ordutegia egokitzeko aukera izan eta euskaltegira joan ahal nuenez, matrikulatzea erabaki nuen», azaldu digu Vanessak. Batez ere etxean duen haurragatik ari da ikasten. Etorkizunari begira ari da, haurra helduxeagoa izango den une horri begira. «Eskolan dena euskaraz irakatsiko diote eta guk etxeko lanekin lagundu nahi diogu». 

Ez du bere sorterri inguruetako beste hainbat herrikideren egoera bera bizi nahi. Alegia, ez du etxeko lanetarako laguntza eskatzera behartua sentitu nahi. «Euskal Herrira bizitzera etorritako gurasoen haur dezente ezagutzen dut, etxeko lanetarako laguntza eskatzen dutenak», azaldu digu Vanessa Estupiñanek. Berak izan nahi du transmisio lan hori euskaraz egingo diona. «Nik nahi dudana da guk lagundu ahal izatea, inoren beharrik izan gabe. Aurrerago, laguntza beharko du eta. Bi gurasoak kolonbiarrak gara eta euskaraz mintzatzeko gai ez bagara, pentsa haurrari nork lagunduko dion etxeko lanetan». 

«Lantokian soltura handiagoa nahi nuke»
Ez da euskararekin duen lehen hartuemana. Heldu zenetik DBH4an matrikulatu eta lehen hitzak ikasten hasi zen. Bere garaian urtebetez aritu zen euskaltegian. «Agur hitzak, aditz batzuk oso zailak egiten zitzaizkidan». Administrazio eta finantza ikasketak egin zituen. Lanpostu bat aurkitzeko ordea, euskara maila altu edo ertainean menderatzea eskatzen dute. «Euskara ulertzen nuen, baina ez nintzen erantzuteko gai. Beraz ezinezkoa zitzaidan, ikasi nuen horri lotutako lanpostu bat aurkitzea».

VANESSA ESTUPIÑAN
«Gustuko dut euskara
 ikastea eta hemen bizitzea, eta oinarrizkoa da 
lantokirako, familiarako»

Euskaltegira itzuli da, «euskaraz erantzuterakoan segurtasuna izateko. Hanka sartu arren, euskaraz hitz egiten saiatu nahi nuke». Etxean eta baita jendaurrean lan egiten duen supermerkatuan ere. «Jende gehiena euskaraz agurtzen dut. Gero euskaraz hitz egiten segitzen dute, baina erdaraz erantzuten diet, prezioak adibidez euskaraz adieraztera ez naizelako ausartzen, hanka sartu dezakedalako». Lantokian «soltura handiagoa izan nahi nuke, etxera heldu eta haurrari euskaraz gauzak egoki adieraztea». 

Bere antzeko egoeran zalantzan direnentzako mezua; «saiatzera animatuko nituzke. Euskaltegira joan daitezela, are gehiago eskolak berak horretarako aukera ematen badizu. Lanean nahiz etxean euskara erabiltzeko ikasiko duzu». Oinarrizkotzat jotzen du, «benetan hemen bizitzea erabaki eta seme-alabak hemen hazi nahi dituenarentzat». Eta noski, guraso gisa seme-alabei ere hizkuntza bera transmititzeko. «Gustuko dut euskara ikastea eta hemen bizitzea, eta oinarrizkoa da lantokirako, familiarako», Vane-ssaren esanetan.

 

Semeak Usurbilgo ikastolan matrikulatu zituen. «Euskaldun euskaldunak dira. Etxean haien artean euskaraz hitz egiten dute. Arabieraz baino hobeto moldatzen dira».

«Semeak sahararrak izan arren, oso euskaldunak sentitzen dira»   

Fatima Fatimetouk 14 urte daramatza Usurbilen bizitzen. Ama izan zenean argi zuen, ikastolan matrikulatu zituen semeak. «Hemen bizitzea erabaki nuenez, euskara ikastea nahi nuen». Euskalduntze bide horretan, ez zuen bitan pentsatu; semeak ikastolan matrikulatu zituen. «Euskaldun euskaldunak dira. Etxean haien artean euskaraz hitz egiten dute. Arabieraz baino hobeto moldatzen dira. Sahararrak izan arren, oso euskaldunak sentitzen dira», dio Fatimak. 

«Semeek laguntzen naute euskararekin»
Hizkuntza transmisioari dagokionez, paper garrantzitsu eta berezia dute Fatimak eta senideek. Alde bietakoa den elkar ikaskuntza eta igorpena; semeek euskara ikasten laguntzen diote Fatimari. Fatimak sorterriko hizkuntza transmititzen die semeei arabiera gal ez dezaten; transmisio bikoitza da halere, ikasten doan euskara ere ahotan hartu nahi baitu semeekin. «Ama hizkuntza ere ezagutu behar dute, inork ez baitu bere jatorria ahaztu nahi eta beste hizkuntza bat ikasteak ez dio tokia kentzen lehendik ikasitakoari».

FATIMA FATIMETOU
Bazekien semeek euskara, gaztelera eta ingelera ikasiko zutela hemen. «Arabiera irakasten ez banien, ez zuten ikasiko». Orain, funtzio trukaketa egin dute. «Ni irakasten aritu naiz, haurrek arabieraz hitz egitea lortu nuen. Orain haiek laguntzen naute euskararekin»

Lerrootako elkarrizketatuak bazekien Usurbilen ikasita, euskara, gaztelera eta ingelera ikasiko zutela semeek, «arabiera irakasten ez banien, ez zuten ikasiko». Orain, funtzio trukaketa egin dute. «Ni irakasten aritu naiz, haurrek arabieraz hitz egitea lortu nuen. Orain haiek laguntzen naute euskararekin». 

Pozik joaten da euskaltegira
Bere garaian, semeak txikiak zirela «nahi nuen haiekin euskara ikasi eta denok batera aurrera egitea baina lan kontuengatik ez nuen lortu. Orain ordea bai». Euskara etxetik kanpo jaso dute semeek, baina bide hori indartzeko Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegian hasi da ikasten Fatima. Pozik eta motibatua dabil. «Asko laguntzen naute. Lehen ikasturtean nago. Hemen bizitzen denbora asko daramadanez eta interesa dudanez, hitz egitea kostatzen zait baina ulertu, asko ulertzen dut», adierazi digu. Ikasitakoa ahotan hartzen ahalegintzen dela nabarmentzen du, gune publikoetan eta etxean.

«Ama, ondo egiten ari zara»
Etxeko lanak partekatzen dituzte ama-semeek. «Ama, ondo egiten ari zara. Pixkanaka aurreratzen zoaz», adierazten diote semeek Fatimari. Argi du bide luzea duela jorratzeke aurretik, «baina, garrantzitsuena borondatea da, gauza asko lor ditzakezu borondatea izanez gero». 

«Denborarekin ikasiko dut, lortuko dut»
Eta erronka beteko duela argi du. «Inoiz ez da berandu», azaldu digu Fatima Fatimetouk. «Saiatzen bazara, nahi duzuna lortu ahal duzu. Semeek euskara eta arabiera ondo hitz egiten dute. Nik denborarekin euskara ikasiko dut. Lortuko dut». Gogotsu ari da ahalegin horretan.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!