UDABERRIA

Ikusi-makusi, udaberriaren aharrausi

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 00:00

Ez du hutsik egin; iritsi da udaberria. Martxoaren 20an sartu ginen urtaro berrian, eta balkoietatik behaka aritzeko inoiz baino denbora gehiago dugun honetan, berehala nabaritu du, adi dagoenak.

Esnatu dira neguan lozorroan egondako animalia eta landareak. Aharrausika iritsi zaigu udaberria, nagiak ateratzen, eta nabaria da. Animalia askorentzat ugal garaia izaten da urtaro hau. Lore eta landareentzat, berriz, loratzekoa. Eta Koronabirusa medio etxean konfinatuta gaudenontzat, ikuskizun paregabeaz gozatzekoa. 
Halaxe pentsatu du Iñaki Sanz Azkue biologo hernaniarrak, eta gomendioa luzatu du: «jendeak aprobetxa dezala momentua gauza arruntei behatzeko. Egunerokoan bertan dauden, baina ikusten ez ditugunei arreta jartzeko».

Natura ikuskizun, ume eta helduentzat
Etxetik atera gabe egon behar horrekin bururatu zitzaion ideia. «Alabari asko gustatzen zaio marraztea, eta tratua egin genuen; egingo nuela nik ipuina, eta berak jarriko zizkiola marrazkiak. Eñaut Aiartzaguena ilustratzaileari komentatu nion eta argitaratzera animatu ninduen». Istorioko protagonista Irati da, eta triste dago, hamabost egunez ezingo baitu etxetik atera, eta beraz, ezta hainbeste maite dituen animaliaz eta naturaz gozatu ere. Baina, etxeko leihotik begiratuta ere, naturaren hainbat sekretu deskubrituko ditu. Egunero arratsaldeko 16:00etan argitaratzen dute ipuinaren atal bat irribarrez.info webgunean, eta ipuinarekin batera, Aiartzaguenak egindako marrazki bat deskargatu daiteke, etxean koloreztatzeko.
Ume jolasa dirudienak, ordea, ez du adin-mugarik. Eta fantasiak ere, ez du dena ilusio eta asmakizun. «Fantasia pixka batekin, baina garai honetan benetan ikusi daitezkeen animaliak agertzen dira istorioan». Eta horien bila, adi egoteko gomendioa egiten digu, nor bere etxeko leiho edo balkoitik begira bada ere. «Jende asko ari da, sekula atera ez dituen prismatikoekin begira, lore eta animaliei».

Martxoa, ugal garaia
Hain zuzen, garai ezin aproposagoa da martxoa eta udaberria, ingurua nola ernatzen den ikusteko. «Oso garai ona da zozoa ikusteko. Ugal garaia du, eta goiz eta iluntzeetan, gautu aurretik, aritzen da. Oso kantu polita dauka, txistu itxurakoa. Eremu urbanoan, Hernanin, ikusi eta entzun dezakegu». Era berean, beste hainbat txori ere sumatzeko garai aproposa da. «Txoriak kantatzen hasiko dira, modu nabariagoan, ugal garaian sartuko direlako». Horien artean aipatzen ditu txolarreak, enarak, karnabak… Zorte pixka batekin, baita sai zuriak ere! Putreen antza dute, hauek ikustea zail xamarragoa bada ere. «Mendi garaiagoetan ibiltzen dira». Martxoa aldera iristen dira Euskal Herrira, kabia egin eta kumeak hazteko. Anfibio eta narrastien artean, berriz, zapoak, uhandre palmatuak, sugandilak… ikusi ditzakegu.
Landareak ere, «nabarmen haziko dira». Eta konfinamendu egoerak naturan eragina izan dezakeela ere iruditzen zaio. «Gerta liteke, herriko parke eta belardietan belarra mozten ez bada, lore asko haztea, eta horrek erakarri ditzake karnabak haziak jatera, edo zirabak».
Naturak, ernatzen ari den honetan, egiten digun opariaz gozateko aukera paregabea dugu beraz, egun hauetan. Etxetik askorik ikusi ezin dela sinestuta egongo da baten bat, baina txanpona poltsikoan badaezpada, seguru! Eta belarriak, adi! Baietz! Hemen dela udaberria! Entzungo ote dugu…? Ku-ku! 

 

Zozua/Sosua - Zozoa

Buztan luzeko txoria da, eta beltza; oso ugaria, zonalde 
atlantikoan. Mokoa, berriz, horia du, eta baita begia inguratzen dion zirkulua ere. Orojalea da, eta intsektu eta zizareak jateaz gain, fruitu txikiak eta haziak ere jaten ditu; zuhaitz eta adarretan ibiltzen da horien bila. Dena den, Lizeaga auzoan ondo ezaguna dute zozo buztantxuria edo zozo ipurtxuria, eta hori ez da normala zozo arruntetan (Tudus merula). 2013an bertan ibili zen, buztaneko luma zuriak agerian; adituek albinismoa esaten diote fenomeno horri. Esaera famatuak dioenez, «Zozoak beleari ipubeltz!». Eta, beleak zozoari? Ipur…?.

 

Txolarria - Txolarrea

Hegazti txiki bezain sendoa da (Passer domesticus). Burua proportzionalki nahiko haundia du eta mokoa gogorra. Kolore arreak dira nagusi; eme eta gazteetan apalak, baina ar helduek kontraste haundiagoa dute. Alde dortsala marroi ilun kolorekoa dute, marra beltzez betea, eta alde bentrala grisa. Arrek bularraldetik mokoraino orban beltz bat dute (udan nabariagoa da) eta buru-gaina grisa. Emeek eta gazteek lista superziliar marroi argia izaten dute askotan. Hegaldi traketsa duela esaten da, eta kantu monosilabiko iskanbilatsua. Baina ugalketa garaian soinuan bariazioak egiten ditu, eta arrak bere dantza berezia egiten du. Orain ikusiko dugu ipurdia jaitsi, isatsa igo, eta hegoak zabalduz, emeak erakartzeko. Gurean hegazti arrunta bada ere, populazioa jaisten ari da.

 

Enara

Mundu osoan bizi eta kabia egiten dute enarek (Hirundo rustica), Antartikan salbu, baina jatorria Afrikan dagoela uste da. Dena den, Euskal Herri osoan oso arrunta eta ugaria da udaberritik udazkenera bitartean, gehienetan, landa inguruetako giza eraikinetan: baserri, abeletxe… Baina populazioa jaisten ari da, eta zergatia ikertzen ari dira. Gainaldea beltz edo urdinska, distiratsua izaten dute, kopeta eta lepoa gorriztak, eta bularra eta sabela zuri horixkak. Buztan luzea eta urkila-formakoa du, oso bereizgarria. Hegan harrapatzen dituen intsektuez elikatzen da. Uda pasatzen dute Euskal Herrian, eta oraindik ez badira etorri, egon adi, laster hemen behar dute-eta.

 

Zapua - Zapo arrunta

Europako apoen artean haundiena da, sendoa eta baldarra (Bufo spinosus). Gorputza garatxoz josia izaten du. Kolorea aldakorra badu ere, normalean marroi ilun edota argia da, orban irregularrrekin. Begi-ninia iluna eta horizontala izaten du, eta irisa gorrizta. Begietatik lepo aldera egitura sendoak dauzka, guruin parotideoak, anfibioetan ohikoak direnak, eta horietatik esne-itxurako likido zuria jariatzen dute, defentsarako. Baserri inguruetan, baratzeetan topatzea ohikoa da. Baina erreka inguruak eta tamaina haundiko hezeguneak maite ditu. Oraintxe du ugalketa garaia, eta basotik Urumeara edo putzuetara bidean, asko hiltzen dira, asfaltoaren berotasunean kieto geratu eta kotxeek harrapatuta. Baina trafikoa askoz ere urriagoa da egun hauetan. «Nola eragingo ote dio zapoari?», galdetzen du Iñaki Sanz Azkuek.

 

Gereziondoa

Europako baso epeletako zuhaitza da; lurzoru freskoak, sakonak eta aberatsak nahi izaten ditu, eta beraz, Euskal Herrian gehienbat harizti mesofitikoen lurretan egoten da. Baina haren edertasunagatik, modan dago herrietako erdiguneetan landatzea. Oso zuzena da, egur leun eta marroiekoa, nahiz eta egurgintzan balio haundiagoa duten gorrixka kolorekoek. Fruta-arbola hau lokotxen taldekoa da, neguko hotza behar duena bere atsedenaldia apurtzeko. Martxoan loratzen da, ikuskizun paregabea eskainiz. Extremaduran, Jerte bailaran, adibidez, turista uholdea erakartzen du garai honek, eta Japonian, Hanami festa egiten dute Sakura deitzen duten zuhaitz honen loraldia ospatzeko. Baina, gereziondo berezietan bereziena bada Hernanin, Lizeaga kalean, udaletxe atzean. Izan ere, bi koloretako loreak ematen ditu urtero. Berez, bi gereziondo klase dira, arbola berean nahastuta; oinarrian dagoen espeziea txuria da (prunus avium), eta arrosa, gainean txertatu zaiona (prunus kanzan).

 

Kukua

Udaberriaren sinboloa da. Iñaki Sanz Azkuek gogoan du orain urte batzuk, Pedro Santa Kruz Larre Gaingoa oraindik bizi zela, bizitako anekdota. «Ez dut ahaztuko martxoko egun hori, joan nintzena mendira, eta topatu nuen aurrena Pedro. Eserita zegoen sagardotegi kanpoaldean. Ez ninduen ezagutzen, baina ‘egun on’ esan nion, eta berak erantzun: ‘kukua aditu al dek? Kantuan ari duk! Gaur, aurreneko eguna!’. Gero Alkatxuin baserrira joan eta hark gauza bera galdetu zidan. Edadeko hiruzpalau lagun ikusi banituen, denek gauza bera galdetu zidaten».
Izan ere, ez da edonolako seinalea, kukua aditzea. Udaberriko ekinozioan, aurten martxoaren 20an, kukuaren (Cucuilus canorus) zain jartzen gara. Izan ere, udaberria badatorrela adierazten du, eta, beraz, soroek elikagaiak emango dituztela. Era berean, udaberriko lehen kukuak sakela 'bero' duzula (txanponez beteta) harrapatzen bazaitu, ondo joko dizu eta urte osoan ez duzu diru faltarik izango! Antzinako istorioen arabera, martxoaren 25a, Ama Birjinaren eguna izaten zen udaberriko aurreneko eguna, eta kukua, Erromako Zubia edo ortzadarra zeharkatuta, astebetean iristen zen. Horregatik, udaberrian sartu eta hurrengo 15 eguneko tartean kukuak ez jotzeak esan nahi zuen gaitz haundi eta beldurgarriak etorriko zirela, udaberririk ez baitzen izango. Beraz, kukua ageri ez bada, negua berriro etortzeko bederatzi hilabete falta direnez, bederatzi idi-pare gurdira lotu eta kukuaren bila joan behar izaten da Erromako Zubira, hau da, ortzadarrera.
Itxurari dagokionez, kukua 32 zm inguru izaten da luze. Gorputzaren gaineko aldea eta paparra gris urdinxka izaten du; azpialdea, berriz, zurixka, zerrenda ilunekin. Arrautzak txori txikiagoen kabietan jartzen ditu, bertan zeuden arrautzak bota ondoren, eta hala, beste hegaztiek erruten eta elikatzen dute kuku txikia. Bere ezaugarri nagusiena, nola ez, kantua du. Entzun adi, ku-ku!

 

Suangilla - Horma-sugandila

Hernanin diren hiru sugandila espezieetatik arruntena da (Podarcis muralis), eta baita haundiena ere. Bizkarraldea marroi erdi arre girsaxka izaten du, erdian marra beltz jarraitu bat agertzen dela. Egun eguzkitsuetan oso erraz ikusten da herriko parke eta kaleetan, baserri eta etxeetako paretetan, harri-pilaketetan, erreka bazterretan, basoko argiguneetan… Etxera ere sartuko zaizu agian, konfinamenduari muzin eginez, paretetan gora balkoira igota!

 

Arrobiyua - Uhandre palmatua

Euskal Herrian aurktiu daitezkeen anfibio isatsdunetan txiki eta arruntena da. Hernanin oso espezie arrunta da, eta erraz aurkitu daiteke errekastoetako gune putzutuetan eta asketan, adibidez. Otsailetik hona seguru batek baino gehiago ikusi duela, ugal garaian sartu baitzen. Azal fina du, kolore arrekoa. Sabelalde argia du, kolore laranja deigarrikoa ere izan daitekeena. Begietatik marroi koloreko mozorro edo antifaza pasatzen zaio.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!