Euskaraldia

Euskaraldia 2020 talde eta elkarte guztietara hedatuko da euskera ahalik eta gehien zabaltzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00

Nagore Zubitur, Leire Otxotorena eta Lander Ibarburu.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte egingo da eta norbanakoez gain talde edo entitate desberdinetan kanpora eta barrura begira ariguneak identifikatuko dira euskeraz aritzeko.

Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskeraren erabilera haunditzea helburu duen Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Aurten gainera entitate, talde, elkarte, jendea biltzen den leku guztiek izango dute protagonismoa. Hernanin eta Astigarragan antolatu dira eragileak Euskaraldia aurrera eraman ahal izateko. Hernanin Dobera Euskara Elkarteak bere gain hartu du antolaketa eta kudeaketa eta Astigarragan lan talde bat sortu da Anartz Bilbao dinamizatzailea delarik. Hainbat herriko Udalen babesa eta onespena ere aipagarria da Euskaraldian.

Dobera Euskara Elkartean Nagore Zubitur, Leire Otxotorena eta Lander Ibarburu tinko ari dira lanean prestaketa lanetan. «Orain koronabirusaren krisia dela eta aldaketa batzuk egin behar izan ditugu, baina martxan gaude. Hamarreko talde eragile bat ere sortu da, batzordea... Nahi duena gonbidatua dago normaltasuna bueltatzean bertan partehartzera. Hitzaldiak, ekitaldiak.. antolatuko dira urtean zehar egitasmoaren inguruan nahiz eta orain dagoen egoerarekin ezingo diren antolatu. San Joanetan ere egingo litzateke ekimen bat».

Taldeen barruan beraiek identifikatu behar dituzte ariguneak
Taldeek funtzio aktiboagoa izango dute bigarren edizioan. Urrats bat aurrera egin eta taldeen funtzionamenduan euskeraren erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie parte hartzen dutenei. Horregatik talde guztiei animatzen zaie partehartzera eta horretarako «gutunak bidaliko ditugu izena eman dezaten. Animatu egingo ditugu parte hartzera».

«Horretarako, hala ere, beharrezkoa da talde barruan dauden ariguneak, edo euskeraz lasai aritzeko guneak, identifikatzea lehenengo; eta kideen arteko adostasuna lortzea ere ezinbestekoa da» azpimarratzen dute Doberatik. Taldeek izena eman dezakete jadanik uztailaren 31ra arte https://euskaraldia.eus/ariguneak/entitateen-izen-ematea/ webgunean.

Ariguneak izan daitezke kanpo funtzionamendura edo barne funtzionamendura begira. «Talde barruan ariguneak detektatu beharko dituzte taldeek beraiek. Gero euskeraren alde urratsa emango dute eta arigune horietan, partaideek, ariketa egin beharko dute euskeraz aritzeko. Nahi izanez gero aukera ere izango dute urritik aurrera ariketa egiteko. Gero ere jarraipena izateko aukera egongo delarik».

Norbanakoek, belarriprest eta ahobizi izateko aukera ere, aurreko edizioan bezala izango dute. Nahiz eta taldeena bultzatu, norbanakoen ariketak ere garrantzi haundia izaten jarraituko du». Irailean hasiko litzateke.

«Taldeak norbanakoari babesa eskaintzen dio»
Helburua hizkuntza ohiturak aldatzea da. «Hori da ariketa». Taldeak zergatik bultzatu nahi diren azaltzen du Leire Otxotorenak. «Taldeak norbanakoari babesa eskaintzen dio. Denak elkarrekin aritzeko erabakia hartu izanak erraztu dezake denon artean hizkuntza ohitura horiek aldatzea. Lan munduan sartzea ere helburua da, zailtasunak izan daitezke euskera txertatzeko». Astigarragan Anartz Bilbaok Kike Amonarrizen hitzaldia du antolatua apirilaren 23rako eta «aurkezpen gisa eta jendea animatzeko hamabostekoaren aurkezpen bat ere egingo dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!