Martxoak 8

Olatu morearen zipriztinak, txoko guztietara

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 00:00

Egun bakar bat baino gehiago da Martxoaren 8a; emakumeenganako zapalkuntzaren kontra eta berdintasunaren alde urte osoan lan egin behar dela gogorarazten du. Bada, zeregina.

Pasa da Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Baina genero berdintasuna lortzeko zereginik ez da falta. Hala erakutsi dute jendetza bildu duten Hernaniko manifestazioak edota Astigarragako diana indartsuak. Berdin, Ereñotzun izan diren hitzaldi eta kontzertuetan parte hartu duten herritarrek, edota Aranon afaritan eta emanaldian, eta Goizuetan emanaldi, lilatoi eta bazkaritan elkartu diren herritarrek.

Oraindik egiteko lan asko dago, ordea, eta horren adierazgarri, hainbat ekitaldi hilabete osoan zehar luzatuko dira.

Pelikula feminista gaur, Astigarragan
Hasteko, Harituzek antolatuta, Talentos ocultos film feminista ikusi ahal izango da gaur, 17:00etan Astigarragako kultur etxean, eta solasaldia izango da gero.

Bestalde, HAPOrako hirigintza genero ikuspegitik diseinatzeko bilera irekiak egingo dira emakumeekin, bihar, hilaren 18an eta 25ean, 17:30etan kultur etxean. 

Emanaldiei dagokienez, hilaren 15ean Irradaka dantzatuko dute emakumeek Foru plazan 13:00ean; Mari eta gaileta fabrika antezlana izango da publiko guztientzat egun berean 17:00etan, kultur etxean, eta Alu Ulu, sexualitateari buruzko monologoa hilaren 26an, 18:00etan.  

Emakumeon Plazarako horma irudia osatzeko argazki tailerretarako, berriz, dozenaka emakumek eman dute izena. 

Azkenik, Udalak gogorarazi du hileko larunbatero Puntu Morea jarriko dela Joseba Barandiaran plazan, 19:00etatik 20:00etara, indarkeria sexistari buruzko informazioa zabaldu eta babesa emateko.

Pelikulak aukeran, Hernanin
Zine Foruma izango da Hernanin Berdintasun Kontseiluak eta Udalak antolatuta egingo den hurrengo ekitaldia. Hilaren 13an izango da, Biterin, 19:00etan: Una mujer en llamas ikusi ahal izango da.

Era berean, hilaren 27an Zinegoak, Gaylesbotrans 17. Naziorteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko film laburrak ikusi ahal izango dira Biterin, baita ere, 19:00etan.

Erakusketa parte-hartzailean, emakumea ardatz
Urumea bailararen Nafarroako aldean ere, emakumeari protagonismoa emango zaio oraindik ere hilabetea bukatu arte, behinik behin; irekita jarraitzen baitu Zer da zuretzat emakumea? erakusketa parte-hartzailerako proposamenak bidaltzeko epeak. Leitzaldeko eta Goizuetako mugimendu feministak antolatu du, eta helburua da galdera horri erantzutea, edozein motako lanak sortuz: bertsoak, ilustrazioak, poesiak, argazkiak, collageak...

Proposamenak martxoaren 16ra arte egin daitezke Goizueako estankoan edo kafetegian, edo sastrakak@gmail.com helbidean
Erakusketa, Goizuetan, hilaren 23tik 29ra jarriko da, labaderoan. Leitzan, gero, Atekabeltzen, apirilaren 5era arte.   

Bailarako emakume guztiak zoriondu nahi izan dituzte Epeleko Poxpolinek, bertsotan.
 

Bertsotan, emakumeei

Emakume Langileen Nazioarteko Eguna ospatu dute Epeleko Poxpolinek ere, eta bertsotan egin zieten gonbidapena gainontzekoei, egunarekin bat egin eta ospakizunekin gozatzeko:
Emakume eguna 
iritxi da antza
Epeleko poxpolin
hauek a ze martxa.
Hirubitan bazkalduz
xaltxa eta txantxa
nahiz eta gero etxeratu
bilintzi balantza.
Egun ederra pasa
ez egin zalantza.

 

Hernaniko boleibol taldeak emakume kirolari guztiak izan ditu gogoan, Martxoaren 8an.
 
Baloi eta pelota, alderik ez dago berdintasunetik begiratuta

Asko izan dira Martxoaren 8a, Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira aldarrikapenak egin eta ospakizun egunarekin bat egiteko deia zabaldu duten talde eta eragileak, Urumea bailaran. Kirolariek ere aprobetxatu dute, alor guztietan indar egiteko beharra dagoela gogorarazteko eta emakumeak zoriontzeko. Halaxe egin zuten Mundarroko hainbat kirol taldek, eta baita Hernaniko boleibol taldeak ere.
 
 
Tailerren ondoren, elkarretaratzea egin zuten institutuan, ikasleek.
 
Hezkuntza giltzarri, berdintasunak

«Genero zapalkuntzari aurre egiteko mekanismoak sortzeko hautuari eutsi, eta, beste behin, ikasleria langileak konpromezuz erantzun dio betebehar honi», azaldu du Hernaniko Ikasle Abertzaleakek. Berdintasunaren alde, tailerrak eta elkarretaratzea egin zituzten institutuan.
 
 
Ameli eta Xirrikitu jostunek eman zuten emanaldia.
 
Berdintasunaren alde, egunero
Egun bat lehenago, larunbatean hasi ziren Aranon, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen, berdintasunaren aldeko borroka eguneroko lana baita. Ameli eta Xirrikitu jostunek Denborak ahaztutakoak ipuin musikatua kontatu zuten, iluntzean, eta ondoren, mahaiaren bueltan afaritarako elkartu ziren herriko emakumeak, egun haundirako indarrak biltzeko. Ameli eta Xirrikitu Goizuetan ere izan ziren larunbatean; kasu horretan, Munduko emakumeak izan zen kontatu zuten ipuina, ordukoan ere musikak lagunduta.
 
Frontoia lepo bete zen, Amak taldearen emanaldirako.
 
Aste osoa, berdintasunaren alde

Aste osoko egitaraua hasteko, Katiluzar guraso elkarteak antolatuta, seme-alaben sexu heziketaren inguruko hitzaldia izan zen, eta brotxe moreak egin zituzten umeekin. Olak auzo elkarteak, berriz, Amak taldea ekarri zuen igandean.Kistiñe Solano ereñotzuarra, Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar eta Ixiar Oreja kideekin aritu zen, txoko askotako pandero ikasleek lagunduta.
 
Oxeguardan bazkaldu zuten, giro eta umore ederrean, emakumeek.
 
Zapiak gora, Emakumeen Eguna morez janzteko

Goizetik  hasi zuten Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Goizuetan. Zer eta, korrika, gainera. Lilatoia, oraingoan, mistoa, egin zuten herrian barrena, eta indarrak berreskuratzeko bazkaritarako elkartu ziren, emakumeak bakarrik, Oxeguardan. Giro eta umore ederrean bildu zituzten indarrak, eta arratsaldea borobiltzeko trikitixaren erritmora ibili ziren kalejiran, Plazatik abiatuta, herrian barrena.
 
Adin guztietako goizuetarrek egin zuten bat aldarrikapenekin.
 
Korrika, berdintasunaren bidean

Herriko zubi nagusia morez jantzi zuten igandean goizuetarrek. Lilatoiarekin hasi zuten eguna, eta korrika saioan hartu zuten parte adin guztietako herritarrek, zapi eta bandera moreak airera zabalduta, genero berdintasunaren aldeko bidean pausoak emanez.
 
Erritmo bizi esnarazi zuten herria, emakumeek.
 
Burrunba zaratatsua ere, morea

Emakumeen Eguna diana zaratatsuarekin hasi zuten Astigarragan. Joseba Barandiaran plazatik abiatuta, herrian buelta egin zuten, jendea esnarazi eta aldarrikapenekin bat egitera animatzeko. Eguerdiko tailer eta manifestu irakurraldiaren ondoren, Donostian egin zuten bat.
 
Adin eta jatorri desberdinetako emakumeek egin zuten bat bazkarian.
 
Matxismoaren azken orduak, Henanin

Ordularia martxan jarri zuten Martxoaren 8an, Hernanin. Matxismoaren azken minutuak zenbatu zituzten Tilosetako agerraldian, eguerdiko manifestazio jendetsua bukatu berritan. Adin, jatorri eta maila sozial guztietako emakumeak ordezkatu zituzten, eta denen eskubideen aldeko aldarria egin zuten, matxismoaren azken minutuak zenbatzen zituen ordularia puskatzen zutela. Bazkaria egin zuten gero, Atsegindegin. Bestalde, agerraldian gogoan izan zituzten Osiñagan ezbeharra izandakoak, eta senide eta lagunak.
 
Erlazionatuak

Martxoak 8, «borroka eguna»

Kronika - Erredakzioa 2020 mar 09 Hernani

Martxoak 8ko diana zaratatsua

Kronika - Erredakzioa 2020 mar 09 Astigarraga

Martxoak 8 Urumean

Kronika - Erredakzioa 2020 mar 08

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!