Pala

Garazi Urdangarin txapeldun Euskal Herrikoan, eta Etxegia ahizpak nagusi Hondarribiko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 00:00
Garazi Urdangarin eta Amaia Irazustabarrena, EH Irekiko finalen ondoren.

Euskal Herriko Irekiaren finala irabazi zuen hernaniarrak, bigarren mailan, Olatz Zulaika gasteiztarrarekin; eta elitekoa galdu zuen Amaia Irazustabarrenak. Hondarribian, Mirari eta Xole Etxegia goizuetarrak izan ziren txapeldun.

Hainbat txapelketa eta finaletan aritu dira Urumea bailarako palistak, joan den asteburuan; eta txapelak ere ekarri dituzte, garaipena lortuta.

Euskal Herriko Irekian, hasteko, bi hernaniarrek jokatu zuten finala, Mallabian. Bigarren mailakoan aritu zen Garazi Urdangarin, Olatz Zulaika gasteiztarrarekin batera, Aiako bikotearen kontra. Eta txapela janztea lortu zuen, aldearekin irabazita (30-20). Amaia Irazustabarrenak, aldiz, galdu egin zuen elite mailakoa, Maider Mendizabalekin batera, Murillo eta Saezen kontra (26-30).

Mirari eta Xole Etxegia goizuetarrak, Hondarribiako Txapelketaren podiumeko koxkarik gorenean.


Hondarribiako Txapelketan ere bikain aritu dira bailarako palistak. Hiru bikote sailkatu ziren finalera, eta sei palistetatik lau ziren bertakoak: Mirari eta Xole Etxegia goizuetarrak, Edurne Osa hernaniarra Ezkurdiarekin, eta Garbiñe Tijero hernaniarra Gonzalezekin. Tijerok eta Gonzalezek irabazi egin zieten Osa eta Ezkurdiari (20-11), eta baita Etxegia ahizpek ere (20-7). Eta partidu erabakigarrian, goizuetarrak nagusitu ziren, Tijero eta Gonzalezen kontra (20-18), partidu estuan. Horrela, beraiek jantzi zuten txapela.

Trinketean ere fin ibili dira, palista hernaniarrak. Estreinako jardunaldia zuten Gipuzkoako Txapelketan, bigarren mailako nesken lau taldeek; eta ahal bezainbeste garaipen lortu dituzte. Hernani 2 eta Hernani 3 taldeak elkarren kontra aritu ziren, eta aurrenekoak nagusitu ziren (30-21). Hernani 1 taldeak, berriz, Intxurre hartu zuen mendean (30-20); eta Hernani 4 taldeak, Ramuntxo (30-27).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!