esku pelota

Aranoar eta goizuetarrek pleno Mendialdeko finaletan, eta Alvarez eta Pagola hernaniarrek txapela trinketean

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 10a, 00:00
Egoitz Elizegi, Xanet Apezetxea eta Aitor Aizkorbe, gainerako finalistekin batera, eta Iker Salaberria ere haiekin dela.

Txapela bana jantzi dute Mendialdekoan, Xanet Apezetxeak, Oihan Legarretak, Egoitz Elizegik eta Aitor Aizkorbek. Ekain eta Eñaut Lizeaga astigartarrek galdu, Euskal Herriko finala.

Ez erabat borobila, baina asteburu bikaina izan da joan dena, Urumea bailarako esku pelotarientzat. Partidu garrantzitsuak irabazi, eta sei txapela jantzi dituzte guztira.

Bereziki onak izan dira emaitzak, Mendialdeko Txapelketan. Lau finaletan aritu dira aranoar eta goizuetarrak, eta pleno egin dute, denak irabazita. Goizuetan bertan jokatu zituzten hiru, ostiralean: Xanet Apezetxeak 18-15 irabazi zuen Ugartemendiarekin batera, Aurrerako Olaizola eta Sagastibeltzaren kontra; Egoitz Elizegi 22-19 nagusitu zen Mateorenarekin, Larraungo Navarro eta Goldarazenaren aurrean; eta Aitor Aizkorbek 22-16 irabazi zuen buruz burukoa, Larraungo Galarzaren kontra.

Eta igandean, Leitzan, Oihan Legarreta aranoarraren txanda izan zen: 18-17 irabazi zuen, Sagastibeltzarekin, Aurrerako Dorronsoro eta Larraungo Galartzaren kontra.

Oihan Legarreta, behean ezkerretik aurrenekoa, Leitzan lortutako sari nagusiarekin.


Trinketeko hiru finaletatik, bakarra irabazi

Hernaniarrek ere lortu dute txapelik, trinketeko Gipuzkoako Txapelketan; baina ez dira nahi bezain onak izan emaitzak. Hiru final jokatu, eta bakarra irabazi dute. Nagusien mailakoa irabazi zuten Unai Alvarezek eta Xabat Pagolak, Epleko Chiapuso eta Azpirozen kontra (40-32). Partidu oso gogorrean, Pagolaren sakea erabakigarria izan zen bukaeran. Jubeniletan, aldiz, galdu egin zuten Aimar Mujikak eta Anartz Oiartzabalek, Oiarpeko Aranburu eta Zalakainen kontra (22-40). Ondo aritu ziren partiduaren erdialdera arte, baina hortik aurrera, gehiago izan ziren kontrarioak. Azpitxapeldun izatearekin batera, beste saririk ere jaso dute hernaniarrek: Gipuzkoako selekzioarekin ariko dira GRAVNI txapelketan.

Eta galdu egin zuten kadete mailakoa ere, Oier Alegriak eta Mattin Arluziagak, Behar Zanako Aranburu anaien kontra (28- 40). Partidu ona jokatu zuten, eta esperientzia faltak eragotzi zien, sorpresa ematea.

Euskal Herriko finalean ezin, Ekain eta Eñaut Lizeagak
Txapelik gabe bueltatu ziren, baita ere, Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiak, Zornotzatik. 8-22 galdu zuten Euskal Herriko Txapelketaren finala astigartarrek, Lagun Onakeko bikotearen kontra. Edozein kasutan, txapelketa haundia jokatu dute; are gehiago, kontutan hartuta Ekain kadetea dela oraindik, eta jubenil mailan aritu direla.

Aimar Olaizolak irabazi, semifiniletako aurrenekoa
Profesional mailan, azkenik, semifinaletako ligaxka hasi zuen Aimar Olaizolak, Binakako Txapelketan. Baita ondo hasi ere! Irabazi egin zuen estreinako partidua, Arangurenekin (Urrutikoetxearen ordez), Laso eta Albisuren kontra (22-10).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!