MARTXOAK 8

Olatu morea Urumea bailaran zehar, berdintasunaren aldeko aldarri

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 8a, 00:00
Martxoak 8rako murala osatu zuten atzo haurrek, Xaguxar aisialdi taldearekin.

Manifestazio eta aldarrikapen eguna izango da gaur Urumean. Baita hilabete osoa ere.

Oraindik asko dago egiteko, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Halaxe adierazi zuten Hernaniko Udaleko emakume zinegotziek asteartean egin zuten agerraldian. Hori horrela, gaur, Martxoak 8, Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu zieten herritar guztiei. Berdin, Ereñotzun, Astigarragan, Goizuetan eta Aranon.

Azken honetan, atzo hasi ziren ospakizun eta aldarrikapen giroan murgiltzen, eta emakume afaria ere atzo egin zuten. Goizuetan, gaur egingo dute bazkaria. Horrez gain, irekita dago epea, Zer da zuretzat emakumea? galderari erantzuteko erakusketa parte-hartzailerako proposamenak bidaltzeko, sastrakak@gmail.com helbidean edo Goizuetako estanko eta kafetegian.

Gainontzean, Ereñotzun, gaur Hernaniko 13:00etako manifestazioarekin bat egiteko dei egin dute, eta Amak emanaldia izango da arratsaldean. Hernanin, manifestazioaren ondoren, bazkaria egingo da Atsegindegin. Astigarragan ere tailer eta aldarrikapen eguna izango da. Azken bi hauetan, gainera, hil osoan zehar izango dira ekintza gehiago.

 

Puntu Morea ere bai, martxoan zehar

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, hilabete osoan zehar antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia luzatu du Udalak.

ASTIGARRAGA

Hilabetea hastearekin batera jarri dituzte martxan hainbat ekintza, Udaleko berdintasun sailak eta herriko emakume feministak taldeak. Hau horrela, «herritar guztiei ekintzetan parte hartzeko gonbitea» luzatu diete.

Astean zehar izan dira tertulia, hitzaldi eta kontzertuak, eta gaur, aldarrikapen egunarekin egingo da bat. Baina datozen egunetan ere, izango da ekitaldi gehiago. Esaterako, Emakumeon Plazako muraleko irudiak osatzeko argazki saioak egingo dira herriko emakumeekin, eta «parte-hartzea izugarri altua» izan dela nabarmendu dute. Gainontzeko ekitaldietan ere hala izatea espero dute, adibidez, hirigintza genero ikuspegitik diseinatzeko asteazkenean hasita egingo diren bileretan. Denetan haurren zaintza zerbitzua izango dela nabarmendu dute, beharra badago, gutxienez, hiru egun lehenago jakinarazten bada: berdintasuna@astigarraga.eus.

Gainontzeko ekitaldiak izan­go dira, etzi egingo den zine foruma, Talentos oscuros filmaren inguruan, 17:00etan kultur etxean; hilaren 11 eta 18an 17:30etan egingo diren hirigintza ikuspegi feministatik diseinatzeko bilerak; hilaren 15ean 13:00ean Foru plazan egingo den Irradaka emakume dantza eta 17:00etan kultur etxean izango den Mari eta gaileta fabrika antzezlana; eta hilaren 26an 18:00etan kultur etxean izango den Alu Ulu monologoa.

 

Puntu morea, larunbatero

Bestalde, Udalak jakinarazi du martxoko larunbatero Puntu Morea jarriko dela Joseba Barandiaran plazan 19:00etatik 20:00etara, «indarkeria sexistari buruzko informazioa eman edo behar duenari babesa emateko».

 

MARTXOAK 8 URUMEAN

ASTIGARRAGA

10:00 Diana feminista Joseba Barandiaran plazan.

12:00 Tailerra eta manifestuaren irakurketa JB plazan.

14:00 Herri bazkari autogestionatua JB plazan.

16:30 Txipititxonian Donostiako manifestaziora.

17:15 Donostiako manifestaziora joateko A2 autobusa hartzea.

HERNANI

13:00 Manifestazioa Plaza Berritik.

Ondoren, bazkaria Atsegindegin nork berea eramanda.

EREÑOTZU

17:30 Amak musika emanaldia doan, frontoian.

GOIZUETA

14:30 Emakueen bazkaria Oxeguardan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!