Kalaka

«Erreferente izan diren emakume asko daude; gure esku dago garrantzia ematea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00

Ilazki Gainza eta Nerea Uria, 'Emariak' kartekin jolasean, Donostian daukaten bulegoan.

Emakume erreferenteen inguruan, bigarren lana osatu dute Kalaka komunikazio taldeko Nerea Uriak eta Ilazki Gainzak: 'Emariak' karta jokoa. 39 emakume erreferente bildu dituzte, eta diote askoz ere gehiago daudela: «edozein herritan daude erreferente izan daitezkeen emakumeak».

Emakume erreferenteak azaleratu eta haiei garrantzia emateko lanean murgildu ziren, orain bi urte, Kalaka komunikazio parekidea taldeko bi kideak, Nerea Uria hernaniarra eta Ilazki Gainza donostiarra. Liburua osatu zuten orduan, 12 emakume erreferente bilduta, eta izan zuen harrera ona ikusita, beste pauso bat eman nahi izan dute orain: karta jokoa osatu dute, 39 emakume erreferenterekin.

«Sentsazioa izan genuen, liburua momentuan bai, irakurri eta arreta pizteko baliagarria izan zela; baina gero, gorde eta apalean geratzen da. Eta nahi genuen zerbait, eskuratzen zutenen bizitzetan denbora luzeagoan egongo zena. Horretarako aukera ematen du karta jokoak. Taldean, familian eta lagunekin jokatzeko zerbait da, eta aldi berean, emakume erreferenteez hitz egiteko aitzakia polita», diote Uriak eta Gainzak. Gainera, onartu dute liburuan 12 emakume biltzea «oso motz» geratzen zela, «historikoki egon diren emakume erreferenteekin»; eta «salto bat» eman dutela kartekin: «mezu hori zabaldu nahi dugu; asko direla erreferente izan diren emakumeak, eta gure esku dagoela horien inguruan gehiago jakitea eta garrantzia ematea».
Emariak karta jokoa ia agortuta dago, eta azkeneko ale­ak, Hernaniko Urbieta Kopiak dendan daude salgai, 12 euroan.

13 arlotako emakume erreferenteak, eta emakume guztiei eskainitako komodina

40 karta dira guztira. 13 arlotan banatu dituzte, arlo bakoi­tze­ko hiru emakume edo talde erre­­fe­­rente jasota: biologoak, ki­rola­ri­ak, lanbide maskulinizatueta­n aritutakoak, borrokalariak, as­ma­­tzai­­­le­ak... Eta 40garren kar­ta da «emakume guztiei eskai­nitako komodina».

Azaldu dute, zailena izan de­la arloetan antolatzea, «ema­ku­me bakoitzak beste batera era­ma­ten zaituelako. Asmatzaileak bilatzen, adibidez, Elizabeth Ma­gie agertu zitzaigun, Mono­polya­­­ren aurreko jokoa sortu zu­e­­­na. Monopolyak ekonomia kapi­ta­­lista eta liberala bultza­tzen du, eta Magiek sortu zuen ekonomia sozialean oina­rritu­ta­koa, aurretik. Berak eman zi­gun pista, pentsatzeko agian ba­zeudela jokoak asmatu dituzten emakume gehiago, eta Leslie Scott eta Carol Shaw topatuta, arloa osatu genuen».

Karta bakoitzak jasotzen du emakumeen irudia, «beraien lan es­parru horretan»; eta egin zutenaren kontaketa laburra: «normalean bakoitzak ez du gauza bakarra egin, asko egin dituzte, eta hain lerro gutxitan hainbeste gauza biltzea, zaila izan da», diote.

Kolektiboak ere bildu dituz­te kartetan; emakume solda­tzai­­leak, esaterako: «Estatu Ba­tue­tan, Bigarren Mundu Gerran, gizonak gerran zeudenez, ema­­kumeak deitu zituzten soldatze­ra. Eta gizonak bueltatzean, etxera bidali zituzten berriro; erakutsi zuten lana ondo egin zezaketela, baina aukerarik ez zuten izan, jarraitzeko. Gaur egun ere gutxi dira. Emakume taxistak bezala. Orain dela urte pila bat bazeuden, baina iru­di­tegi historikoak ez dizkigu erakutsi, eta gaur egun ere oso gutxi dira. Historia gizonek kon­tatu dute, baina emaku­me pila bat egon dira, eta ea hemendik aurrera guk baloratzen dugun egin zutena. Gure asmoa da, ku­riositatea sortzea kartak eskue­tan hartzen dituenari, gehiago bilatzeko emakume horien in­gu­ruan», diote.

Herriko 'emari'ekin, karta joko propioa

Karta jokoarekin batera, libu­rux­ka bat ere gehitu dute. Bertan proposatu dituzte kartentzako jolasak zein denborapasak; eta baita ere, bakoitzak bere emari propioa sortzea, bere karta: «izan daiteke familiako norbait, herriko norbait... Eskolei begira proposatu dugu bereziki. Herriko emariekin, beste karta joko bat osatu dezakete, bakoitzak bat topatzearekin. Edozein herritan daude emakumeak, erreferente izan daitezkeenak. Ezer idatzita utzi ez dutenak, baina ezagunak izan direnak. Ahoz ahokoarekin iritsi zaitezke toki askotara. Ani­matzen ditugu herriko karta jo­koa egitera, atera daitezkeelako izen pila bat, esanguratsuak».
Beraien karta jokotik lau na­barmentzeko eskatuta, honako­ak aukeratu dituzte:
-Tahirih Qurratu'l-Ayn: «Irango poeta bat izan zen, eta oso in­formazio gutxi dago berari bu­ruz. 1817-1852 urteetan bizi izan zen, eta emakumeen esku­bi­de­en alde aritzen zen dagoe­neko, garai hartan».

-Angela Ruiz Robles: «eBookaren aurrekaria izan zen aparatua as­matu zuen, eta gauza gehia­go ere asmatu zituen 1944-1949 urteen artean, denak ikas­ke­tekin lotuta, irakaslea zelako be­ra. eBooka bezalako zerbait Estatu Batuekin lotuko dugu ge­hie­nok, ziurrenik, eta Espainia­koa zen bera».
-Lita Cabellut: «ijitoa da bera, pintorea, eta sprayarekin egiten ditu bere irudiak. Diziplina ani­­tzeko artista da, eta nabar­men­duko genuke, beste etnia eta arra­zekiko ezagutza gutxi iza­ten dugulako».

-Sylvia Rivera: «borrokalari es­ta­tubatuarra izan zen, 2002an hil zena. LTBIQ+ aktibista tran­sexual arrazializatua zen. Sto­newalleko matxinadaren ekin­­tzaileetako bat izan zen. Bi­zi­tza osoa pasa zuen trans­fo­bia, ho­mo­fobia eta arraza­keria­ren aur­ka borrokan; gainera XXI. men­dearen erdial­dean, ez zela gaur egungo egoera be­ra. Berari eta be­re lagun bati bu­ruz, dokumen­tal bat badago: The death and life of Marsha P. Johnson».
«Eskubide berak izatea, ez da bakarrik soldata berdina edukitzea lan beragatik»

Biek diote, kartetako emaku­­meei erreparatuta ikusi daite­­ke­ela, «oztopoz betetako bidea» izan zutela: «oraindik entzun deza­kegu egunerokoan, emaku­meok eskubide berak ditugula, eta asko kejatzen ga­rela. Emari hauen berri izanda, konturatzen gara ez dela ho­rre­la. Ez dauz­ka­gu eskubide berak, gaur egun ere, eta begira zer nolako karga daukagun atzetik. Asko dago egi­­teko, eta gizon eta emaku­me­­on artean egin behar dugu hori. Eskubide berak izatea ez da soldata berdina edukitzea lan beragatik. Askoz ere gehiago da, ikusten ez di­ren oz­topo asko, eta ikusten dire­nak baina nor­malizatuta dauz­ka­gu­nak», adie­razi dute. Eta dio­te «ikusgarri­ta­­sun fal­ta eta ba­lo­ratzeko ez­­­ber­din­­tasuna» direla, gaur egun ere, ema­kume erre­­fe­rente­ak izateko ozto­po nagusiak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!