esku pelota

Gipuzkoako trinkete txapelketa jokoan, hiru bikote hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00
Banakakoa irabazi eta gero binakakoa ere nahi du Alvarezek.

Finalak asteburuan jokatuko dira Irurako trinketean; 2. mailakoa gaur arratsaldean eta kadete eta jubenilena bihar goizean.

CD Hernaniko hiru bikotek Gipuzkoako Trinkete txapelketaren finalak jokatuko dituzte gaur eta bihar Irurako trinketean. «Datu horrek argi eta garbi adierazten du trinketeko modalitatean igarotzen ari garen une ona» dio klubeko arduradun den Rufino Rekaldek.

Gaur, 16:30ean, Xabat Pagolak eta Unai Alvarezek 2. mailako senior mailako finala jokatuko dute Chiapuso-Azpirozen (Eple) aurka. Partida oso parekatua izango da, bi bikoteek ez dute partidarik galdu eta Alvarez beteranoaren esperientzia erabakigarria izan daiteke finalean.

Bihar, 11:00etan, Oier Alegria eta Mattin Arluziagak kadete mailako finala jokatuko dute Aranburu anaien aurka (Behar Zana). Villabonako bikotea faboritoa da partida honetan, ondo irabazi zuten sailkapen fasean, baina hernaniarrek asko hobetu dute eta ezustekoa emateko gai dira.

Ondoren, 11:45ean, Aimar Mujika astigartarrak eta Anartz Oiartzabalek gazteen finala jokatuko dute Aranburu-Zalakainen aurka (Oiarpe). Partida berdinduta aurkezten da, Oiartzungo bikoteak erraz irabazi zuen sailkapen fasean, baina une honetan klubeko pelotarien egoera bestelakoa da, Mujikak bere eskuak errekuperatu ditu eta bere ohiko mailan jokatzen ari da. Oiartzabal sasoi betean dago eta bere mailan jokatzen badute irabazi egin dezakete.

Aimar Olaizolak finalerdi fasea hasiko du
Mikel Urrutikoetxearekin batera, Aimar Olaizola goizuetarrak Binakako Txapelketa nagusiaren finalerdiko faseko lehenengo partidua jokatuko du bihar, Laso eta Albisuren kontra Bilboko Miribilla frontoian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!