FUTBOLA

Hernanik ezin ditu puntu gehiago galdu, beraz garaipena beharrezkoa da bihar Aretxabaletan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00
Hernanik garaipenaren bidera itzuli nahi du Aretxabaletaren kontra.

16:30etan jokatuko du Ohorezko Erregional taldeak Ibarra futbol zelaian. Mundarrok gaur, 15:30etan Oiartzunen bisita jasoko du Zarkumendegin Preferente mailan.

Futbol liga desberdinak azken herenean sartuta daude, beraz momenturik erabakiorrenean daude eta bailarako taldeek postuak hobetu nahi dituzte sailkapenean zapore onarekin amaitzeko denboraldia. Gainera, talde batzuk asko dute oraindik jokoan.

Horien artean Hernaniko mutilen talde nagusia aipatu behar da. Denboraldi bikaina ari dira osatzen Ohorezko Erregional mailan, hirugarren postuan daudelarik sailkapenean, baina helburua lehendabiziko bi postuetara iristea da. Horretarako irabazi beharra du asteburu honetan, nahiz eta erraza ez izan. Aretxabaletan jokatuko du, Ibarra futbol zelaian, bertako taldearen kontra bihar, 16:30etan. Aurreko asteko berdinketaren ondoren hiru puntuak garrantzitsuak dira Eibar Urko liderrak eta Anaitasunak gehiago ihes egin ez dezaten sailkapenean.

Gogoratu Eibar Urkok eta Anaitasunak lau eta hiru punturen aldea dutela Hernanirekiko, partidu bat gutxiagorekin, beraien artekoa hain justu. Asteburu honetan 25garren jardunaldia jokatuko da eta hamar partidu geratzen dira denboraldia amaitzeko.

Mundarro eta Oiartzunen arteko derbia
Preferente mailan bizilagunen arteko derbia jokatuko da gaur, 15:30etan, Zarkumendegin Mundarro eta Oiartzunen artean. Astigartarrek bolada onari jarraipena eman nahi diote. Azken zortzi partiduetan ez du bat bakarra galdu eta bolada onari jarraipena eman nahi diote. Horrek sailkapenean beste salto bat suposatu lezake. Maila berean hernanik, ordu berean, Kostkasen aurka jokatuko du Donostian. Hernani azken laugarren dago sailkapenean eta lasaitasunaren garaipena lortu nahi du.

Euskal Ligan Zarautzen kontra gaur Hernani
Etxetik kanpo jokatuko duen beste taldea Hernaniko nesken taldea da. Euskal Ligaren barrruan Astin ariko dira, hauek ere gaur 15:30etan. Hernani ongi ari da azkenaldian eta zortzigarren daude sailkapenean. Zarautzen aurretik sei punturen aldea dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!