saskibaloia

Mundarroko neskek jauzia eman nahi dute sailkapenean

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00
Asteburu garrantzitsua da Mundarroko neskentzat.

Atzo etxean Axularren kontra jokatu eta gero bihar Tecnunen aurka jokatuko dute Donostian bigarren postuaren bila.

Asteburu honetan Astigarraga eta Hernaniko saskibaloi talde nagusiek kanpoan jokatuko dute. Nabarmentzekoa da Mundarroko neskek, bigarren mailan, Tecnunen aurka jokatuko duten partidua. Astigartarrak atzo ilunabarrean Axularren aurka aritu ziren eta bi egun eta gero, bihar, 16:00etan Tecnunen aurka jokatuko dute Donostian.

Aurkari zuzenak dira. Moreak laugarren daude sailkapenean eta donostiarrak bigarren partidu bat gehiago irabazita. Astigartarrek irabaziz gero bigarren postura igoko dira. Beraz, garrantzitsua da partidua. Mundarroko mutilen taldeak, lehenengo mailan, Debasket du aurkari gaur, 18:00etan Deban. Partidu orekatua espero da maila parekoa duten bi taldeen artean.

Maila berean Hernanik ere kanpoan jokatuko du gaur, 15:30etan, Tolosan TAKEren kontra. Partidu zaila dute hernaniarrek aurretik. TAKE bigarren sailkatua da eta hernani hamargarrena. Irabaztea ezustekoa izango litzateke.

Etxean hirugarren mailako mutilak
Etxean jokatu eta jokatuko duten talde ia bakarrak hirugarren mailan jokatzen duten Mundarro eta Hernani izango da. Mundarrok atzo arratsaldean jokatu zuen Contubiren aurka eta Hernanik Alde Zaharra B hartuko du gaur, 16:00etan, kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!