Mendialdeko Txapelketaren finalak gaur, Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 6a, 08:37

Arratsaldeko 18:30etan hasita, hiru final jokatuko dira, eta denetan izanen da goizuetarrik: Xanet Apezetxea, Egoitz Elizegi eta Aitor Aizkorbe. Igandean Leitzan, Oihan Legarreta aranoarraren txanda.

Asteburu honetan jokatuko dira, Mendialdeko Pilota Txapelketaren finalak. Eta gaur bertan izanen dira, Goizuetan jokatu beharrekoak. Arratsaldeko 18:30etan hasita, hiru final izanen dira, eta denetan ariko da goizuetarrik, txapelaren bila.

Aurrena, kimuen mailan, ariko da Xanet Apezetxea goizuetarra, Aurrerako Ugartemendia lagun duela, talde bereko beste biren kontra: Olaizola eta Sagastibeltza.

Ondoren, kadeteen finala jokatuko dute, eta bertan izanen da Egoitz Elizegi, Aurrerako Mateorenarekin bikotea osatuta. Larraungo Navarro eta Goldarazena izanen dituzte kontrario.

Eta azkenik, 22 urtez azpiko finala jokatuko du, buruz buru, Aitor Aizkorbek. Larraungo Galarza izanen du aurrean.


Oihan Legarretaren txanda, igandean Leitzan

Bihar, beste lau final jokatuko dira Lekunberrin, 17:00etan hasita; baina ez da Urumea bailarako pilotaririk izanen tartean. Igandean bai, ordea: Oihan Legarreta aranoarrak jokatuko du finala, Aurrerako Sagastibeltzarekin. Haurren mailan ariko da, Aurrerako Dorronsoro eta Larraungo Galartzaren kontra. Leitzan izanen da hori, 17:00etan hasita, eta jokatuko diren hiru finaletan azkenekoa da berea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!