MARTXOAK 8

«Berdintasuna lortzeko, neurriak hartu eta baliabideak jartzea da instituzioen betebeharra»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 5a, 00:00
Carmen Adarragaren monolitoa aukeratu zuten zinegotziek, agerraldirako.

Hernaniko Udaleko emakume zinegotziek Martxoaren 8arekin egin dute bat. Gaur ekintzak egingo dira bailaran.

Agerraldia egin zuten asteartean Hernaniko Udalean ordezkari diren emakume zinegotziek, Martxoaren 8ko deialdiekin bat egiteko.

Carmen Adarraga parkea aukeratu zuten, horretarako; «emakume eta gizonen arteko berdintasunaren bidean eman beharreko pausoen adibide den tokian, Hernaniko emakume baten izena duen lehenengo eremu publikoan. Benetako berdintasuna lortzeko, adierazpenak egiteaz haratago, neurri zehatzak hartu eta baliabideak jartzea baita instituzioen betebeharra».

Hainbat konpromiso adostuta
Adierazpen horiek egiteaz gain, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako emakume zinegotziek adostutako konpromisoen berri ere eman zuten.

Ondorengoak aipatu zituzten: «Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko hasitako lanketarekin jarraitzea, batez ere, sektore feminizatuetan; arlo publiko nahiz pribatuan udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea, genero ikuspegitik, eta neurriak martxan jartzea, besteak beste, zaintzen aitortza soziala eta gizon eta emakumeen erantzunkidetasuna bultzatzeko; udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoaren lanketarekin jarraitzea eta baliabideak bermatzea; Jabetze Eskolak, Kulturarteko Plaza Feminista nahiz bestelako espazioak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi feministatik; gazteei zuzendutako politiketan, emakume gazteen ahalduntzea bultzatzea eta hezkuntza komunitatearekin batera, hezkuntza sexu-afektiboa eta ikasketen aukeraketan neska eta mutilen arteko berdintasuna lantzera zuzendutako jarduerak jasotzea; desgaitasunen bat duten emakumeen egoera ikusarazi eta hauen errealiteatea aldatzeko pausuak ematea; egoera zaurgarrienetan dauden emakumeen beharrei erantzutea; eta herrian berdintasunaren alde lanean diharduten pertsona zein koletibo feministen parte hartzea bermatu eta iritziak kontuan hartzea».

Horregatik guztiagatik, Martxoaren 8rako Mugimendu Feministak egin dituen mobilizazioekin bat egin eta parte hartzeko deia luzatu zuten.

Txirritan eta Gaztelekuan, zita
Bestalde, gaur 09:30etan brotxe moreak egingo dituzte Ereñotzuko Txirrita eskolan, iganderako. Hernaniko Gaztelekuan, berriz, betaurreko moreen dinamika landuko dute, eta bihar, Ahal dugu jolasa probatuko dute.

Goizuetan izena, bazkarirako
Asteburuan bailara osoan izango dira ekintza gehiago. Goizuetan, igandean egingo da azkenean bazkaria, Oxeguardan, eta bihar arte eman daiteke izena kafetegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!