Atletismoa

Hodei Lujanbio bigarren berriro, UZ Trailen

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 3a, 00:00

Podiumera igo zen goizuetarra, berriro. Lilatoian, laugarren eta bosgarren izan ziren Aitziber Martin eta Hoki Guerrero.

Bolada onari segida eman dio Hodei Lujanbio goizuetarrak, asteburu honetan, mendi lasterketen denboraldian. UZ Trailen aritu zen, Urretxu eta Zumarragako 23 kilometroko proban, eta bigarren sailkatu zen (2:03:53), Iñaki Olano altzotarraren atzetik (2:01:41).

Aiako Mendi Lasterketan ere aritu ziren bailarako korrikalariak (14,6 kilometro); 12 guztira. Nesketan, bosgarren izan zen Koro Astiz hernaniarra (1:31:32), eta bederatzigarren Itsaso Martinez astigartarra (1:40:14). Mutiletan, Anartz Mendizuri izan zen aurreneko hernaniarra (1:27:54), eta David Trallero lehenengo astigartarra (1:28:54).

Lilatoian, bailarako 205 lagun

Errepidean, berriz, proba seinalatua zuten igandean, Donostiako Lilatoiarekin. Bailarako 205 emakumek hartu zuten parte, eta Aitziber Martin (19:01) eta Hoki Guerrero (19:10) hernaniarrak izan ziren haietatik azkarrenak, laugarren eta bosgarren. Bailarakoen sailkapen osoa, larunbateko Kronikan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!