KRONIKAREN BANAKETA

Eskuz esku elkarlanean eta lankidetzan aritzea da giltza, Kronikak egunero banatu eta herritarrengana iristeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00

Ia 27.000 biztanle dituen bailaran Kronikaren 4.400 ale inguru banatzen dira egunero. Horretarako, ezinbestekoa da hainbat enpresa, merkatari eta herritarren arteko elkarlana. Banaketa sare zabala du Kronikak, haiei esker.

Enpresa munduan sarri hitz egiten da leihakortasunaz, baina lankidetza eta elkarlana ere ezinbesteko tresna dira, hainbatentzat. Kronika, esaterako, Urumea bailarako enpresa, merkatari eta herritarren arteko elkarlanari esker iristen da egunero, milaka herritarrengana.

 

Etengabe adarkatutako banaketa sarea

INEk eta Eustatek edota Udalek bildutako datuen arabera, 20.003 biztanle ditu egun Hernanik, horietatik 605, Ereñotzun; 6.077, Astigarragak; 704 Goizuetak; eta 116, Aranok. Denera, ia 27.000 biztanle dira Urumea bailaran, eta haien artean egunero Kronikaren 4.400 ale inguru banatzen dira. Etengabe adarkatzen den banaketa sare zabala dago martxan, horretarako.

Aurreneko banaketa lanak banatzaile enpresa batzuek eta okinek edo ogi banatzaileek egiten dituzte. Astigarragan, Distipress eta Mendiluzek hasten dute bidea. Hernanin, berriz, Sulabe hasten da, eta hortik, zabaldu eta zabaldu, Ereñotzu, Goizueta eta Aranora ere iristen dira banatzaileak. Izan ere, aurreneko banatzaile horiek hainbat dendatan uzten dituzte Kronikak, edo beste okin batzuei, Dorronsorori, adibidez, banatzen dizkiete, eta hauek segi egiten dute banaketarekin: kiosko, denda txiki eta tabernetara eramaten dituzte batzuek, eta haietatik, zuzenean bezeroengana edota beste denda eta taberna batzuetara iristen dira Kronikak. Era berean, herritarrak ere badira, banaketa sarearen parte. Ikasleek, adibidez, Hernaniko Institutuko eraikin desberdinetara eramaten dituzte ale batzuk, egunero; Astigarragan ere, eskolaraino iristen da, herritar batzuei esker.

Herriko merkataritza guneetan ez ezik, liburutegietan, supermerkatu haundietan, edota Rekalde gasolineran ere topatu daiteke Kronika, eta horietako puntu batzuetara, Kronikak berak ere ez daki, nola iristen den, herritarren eguneroko elkarlanari esker, ez bada! 

 

Jesus Mari Iñarrak lau ibilbide egiten ditu, Kronika, ogia eta gainerako egunkariak banatzeko.

«Ogiarekin Kronika ematen dut, familia bakoitzari bat»

Lezokoa da Jesus Mari Iñarra, baina bailarako herritar askok baino hobeto ezagutzen du Urumea. Bi urte daramazki Sulabeko ogiak banatzen. Ogiak bakarrik ez; ogiarekin Kronikak ere banatzen ditu. Eguneko aurreneko lana izaten du.

 

Bi urte dira Jesus Mari Iñarra lezotarra Sulabe okindegiko banatzaile lanetan hasi zela. Aurretik beste batzuk ere egin dute lan bera. Dendaz denda, negozioz negozio edota etxez etxe banatzen duena ez da, ordea, ogia bakarrik. «Lehenengo Kronikak banatzen ditut».

Ogia banatzea da, berez, bere egitekoa. Baina askoz ere lan haundiagoa egiten du; berari esker iristen da Kronika egunero hainbat eta hainbat herritarren eskuetara. Okindegi, denda, taberna eta bestelako negozioetara berak eramaten du, eta haietatik beste leku batzuetara egiten du bere bidea, gero, Kronikak. Baina hainbat bezerori eskura ere ematen die.

 

2.800 Kronika inguru, egunero

Goiz, oso goiz hasten da lanean Iñarra; «gutxi gorabehera, hasten naiz 04:40etan». Eta ogiarekin lanean hasi aurretik, beste egiteko bati heltzen dio. «Aurreneko gauza egiten dudana da, Kronikak sailkatu eta zenbatu. Izan ere, ez da bakarrik banatzea; denda batzuetarako nire multzoetatik bereizten ditut hainbat ale, haiek eramateko beste denda batzuetara. Multzo dezente egiten ditut: Ereñotzuko dendarako, Aranorako, Sulabeko beste lankideek banatzeko...». Denera, 2.800 bat Kronika pasatzen dira egunero Iñarraren eskuetatik.

«Ondo ibiltzeko dena buruan eduki behar da, bezero bakoitzak zer nahi duen jakin»

Multzo horiek antolatuta, denak kotxean sartzen ditu, «atzekoz aurrera», eta banaketari ekiten dio. «Gutxi gorabehera pasatzen ditut 18 bat minutu Kronikak banatzen, Hernanin. Lehenengo Kronikak banatzen ditut. Gero, garaiz, 05:20etarako iristen badira, hasten naiz gainerako egunkariekin. Hauek 10 bat dendatarako prestatu behar izaten ditut; dendetarako egunero 450 egunkari inguru izaten ditut. Goizeko 05:20etan hasi, eta 06:15etarako bukatzen dut prestatzetik, eta banatzen  hasten naiz. Banatu gabe geratutako Kronikak egunkari hauekin banatzen ditut».

 

Bi, hiru eta lau ibilbide

Egunkari horiekin bigarren ibilbideari ekiten dio. «Alde zaharreko dendak egiten ditut, Sulabekoak direnak eta ez direnak».

Eta horrekin bukatuta, hirugarren ibilbideari ekin behar izaten dio; sagardoarenari. «Hor sartzen dira sagardotegi batzuk, baserri batzuk eta etxe pribatu batzuk. Horietan banatzen ditut ogia eta egunkaria, bakoitzaren eskaeraren arabera; batzuek bat bakarrik hartzen dute, besteek biak. Horretan 07:15etan hasten naiz, eta 08:00ak inguruan bukatzen dut. Tartean badauzkat, baita ere, zuzeneko bezeroak, bozina jo eta etortzen direnak ogia eta egunkaria erostera; adibidez, Elizatxon. Ez nekien, hemen hasi arte, horrelako ohiturarik bazenik, eta jende zaharrak esan dit badirela, agian, 30 urtetik gora, ohitura hori badela».

Hirugarrenean bukatuko duela pentsatuko duenik bada. Baina ez, laugarren ibilbidea egiten du Iñarrak, hirugarrena bukatuta. «Berriro Sulabeko okindegira etortzen naiz, eta bigarren salmentarako ogiak hartzen ditut: Aranorako ogi eta egunkariak eta Goizuetarakoak. Abiatzen naiz Aranoruntz, eta handik jaistean joaten naiz Goizueta aldera. Handik buletan Hernani aldera etortzean, aurreneko geldialdia egiten dut Benta Berrin. Bozina jo eta bezeroa ateratzen da. Hortik, lehen Heineken zenean, orain zerrategia, geratzen naiz, eta langileentzako ogi eta egunkariak uzten ditut. Handik, Pikoaga, Latxe, Ereñotzu, Fagollaga eta Epele egiten ditut, eta hor, ezkerretara hartu eta igotzen naiz Onddi mendira. Hor baserrietan saltzen dizkiet bezeroei ogi eta egunkariak. Handik, Karabelera jaisten naiz; baditut han lau bat bezero. Haiek kontatu zidaten ohiturarena. Hori eginda, igotzen naiz Santa Barbara auzora, eta han ere, bozina entzunda etortzen dira bost bat bezero. Hori izaten da azkenekoa. Handik, Sulabera etorri, eta itzuli diren aurreko eguneko egunkariak zenbatu eta enpaketatzen ditut. Badira egunak, ez dakit zergatik, egun horretako azalak oso erakargarriak ez direlako-edo, jendeak egunkariak erosten dituena. Nabaritzen da. Baina Kronikari ez dio eragiten. Ogiarekin Kronika ematen dut, familia bakoitzari bat».

 

Burua bizi eta ezustekorik ez

Hori guztia astelehenetik larunbatera egiten du. Igandeetan beste ibilbide bat egiten duela dio, «xamurragoa, egunkariak banatzeko bezero gutxiago dagoelako. Hernanin buelta egin eta Donostiara joaten naiz».

Guztia ondo egiteko, ezustekorik ez izatea garrantzitsua da. «Egunkariak garaiz etortzea, istripurik errepidean ez topatzea...». Baina, garrantzitsuena, burua argi edukitzea da. «Ondo ibiltzeko dena buruan eduki behar da, bezero bakoitzak zer nahi duen jakin, egunero».

 

Joxe Salaberria Narbartek 12 urte daramazki Dorronsoroko ogiarekin Kronikak banatzen.

«Urnietara ere eramaten ditugu Kronikak, eskatu egiten digute»

Urte asko daramazki Hernanin Joxe Salaberria Narbartek, baina goizuetarra da jaiotzez. Kronikak banatzen ere, 12 urte egin ditu.


Kronikaren banaketa sarearen bigarren adarretako bat da Dorronsoro okindegia. Sulabetik jasotzen dituzte eguneroko aleak, eta txokorik txoko zabaltzeko lanari ekiten diote.

Lan hori egiten duenetako bat da Joxe Salaberria Narbarte. «Goizuetarra naiz jaiotzez, baina Hernanin urte dezente daramazkit bizitzen». Dorronsoroko ogiak, eta Kronika eta beste egunkariak banatzen, berriz, 12 daramazki; «hau 13garrena dut». Bera bezala, beste bi lankide ere aritzen dira lan horretan, Dorronsoron. Denera, 400 bat Kronika banatzen dituzte egunero. «120 bat egunkari, behintzat, banatzen ditugu, eta Kronikak beti gehixeago jartzen ditugu, noski».

 

Urumea bailaratik kanpora ere bai

Sulabeko Jesus Mari Iñarra goizeko 04:40ak inguruan hasten bada lanean, Dorronosoroko Joxe Salaberria Narbarte, 05:00ak inguruan. Hark Kronikak multzoka sailkatu, eta aurreneko banaketa 18 minututan egiten du. Horri esker, Salaberriak, lanean hasi eta berehala jasotzen ditu.

«Hasten gara goizeko 05:00etan. Hiru gara, eta bi ordutegi dauzkagu; bat, 05:00etan hasten dena, eta bestea 06:00etan. Orduan hasten gara prestatzen ogiak, egunkariak eta Kronikak; denak. Eta bakoitza gure denda eta tabernetara hasten gara banatzen. Bakoitzak bere ibilbidea dauka. Ni batean eta bestean ibiltzen naiz; komodina naiz!».

«Batzuek ez dute egunkaririk erosten, baina Kronika hartzen dute. Badakizu... eskela dela, edo... Doan delako izango da!»

Bide guztiak ezagutzen ditu, hortaz. «Bertara ekartzen dituzte Kronikak eta egunkariak, goizeko 05:00etarako, eta hasten gara horiek prestatzen, ogiarekin batera. Joaten gara Hernanira, Urnietara eta Andoainera. Kronikaren banaketa, batez ere, Hernanin egiten dugu. Izango dira 40 bat denda inguru. Gero, Urnieta eta Andoainera joaten gara. Goizeko 05:00etan hasita, 12:00etan bukatzen dugu, eta 06:00etan hasiz gero, 13:00ean. Bigarren ordutegi horretan, lan gehientxuena Urnieta eta Andoainen egiten dugu. Baina joaten gara, baita ere, Donostiako Munttora edo Rekaldeko tabernara. Eta Jauregiko baserrietara ere bai: Saretxora, Santa Barbarara... lau bat badauzkagu, fijoak».

Kronikaren banaketa sarearen mugak zabaltzen ditu horrela. Izan ere, Urumea bailaratik kanpo Kronikarik ez dela banatzen pentsa liteke, baina ez da horrela. «Urnietara ere eramaten ditugu Kronikak, eskatu egiten digute; Hernanikoa izandako jendeak, batez ere, eta han bizi denak. Andoainen, berriz, ez. Han badaukate beraiena [Aiurri]. 120 bat egunkari, behintzat, banatzen ditugu, eta Kronikak beti gehixeago jartzen ditugu, noski».

 

Etxez etxe, edo armairuz armairu

Banaketa ez da negozioz negozio bakarrik egiten. Etxez etxe joatea ere egokitzen zaio Salaberriari. «Etxeetara ere joaten gara, eta ogiarekin Kronika banatzen dugu. Agian ez dute izango egunkaririk, baina Kronika bai, hori fijoa da. Batzuek ez dute egunkaririk erosten, baina Kronika hartzen dute. Badakizu... eskela dela, edo... Doan delako izango da!», dio barrez. «Kronika beti eskatzen dute».

Baina tratua ez da beti aurrez aurrekoa. «Etxez etxekoan, normalean haiek egoten dira zain. Baina badira baserriak, kanpoan armairutxo bat izaten dutenak, eta bertan uzten ditugu ogia eta egunkariak. Beste batzuetan bozina pixka bat jotzen dut, baina ez naiz horietakoa. Hemen bada bat gustatzen zaiona urrutitik bozina joka hastea, baina niri ez! Hala ere, normalean oso txintxoak izaten dira denak, eta beren orduan egoten dira, zain».

Beste kasu batzuetan, giltza hartu, eta barrura! «Denda batzuetan giltza daukagu, utzi egiten digute, eta sartu barrura eta  han uzten ditugu denak. Gero, Kronikak beraiek banatuko dituzte. Ez dizkigute bueltatzen, behintzat; egunkariak etortzen dira bueltan, baina Kronikak ez! Gero, ikasleak ere pasatzen dira Dorronsorotik Hernani BHIra eta, eramateko Kronikak».

«Kronika bai, Hernanin zer pasatzen den, hori irakurtzen dugu. Nik behintzat bai»

Modu batean edo bestean, jendearekin duten tratua oso ona dela azpimarratzen du. «12 urtetan ez dira gauzak aldatu. Tratua ona da, eta gero eta gehiago. Hasieran baino gehiago ezagutzen dugu orain elkar, eta gero eta hobea da. Jendearekin kalean ere gero eta tratu gehiago daukagu».

 

Letra lodietatik irratira

Hainbeste Kronika eta bestelako egunkari egunero eskuetan atzera eta aurrera ibilita, informazio gehien daukaten herritarrak banatzaileak direla esan liteke. Salaberria, behinzat, ez dabil urruti. «Tartea izaten dugu bai, leitzeko. Behintzat, letra haundiak pasatzen ditugu, eta Kronikak, hemen hartzean, ere bai. Ez dena, baina nire gustokoei, letra haundienei aritzen naiz begira, eta Kronika bai, Hernanin zer pasatzen den, hori irakurtzen dugu. Nik behintzat bai».

Gidatu bitartean entretenitzea ez da komeni, ordea. Baina badaukate horretarako erremedioa ere. «Gero, irratia izaten dugu beti martxan!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!