Inauteriak

Sardinaren ehorzketarekin iragana erreta etorkizunari bidea ireki zaio indarrarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 26a, 00:00
Sardinaren ehorzketak eman zion amaiera Inauteriari.

Goizuetan zahagi dantza, DJa eta afariarekin eman zitzaion amaiera. Larunbatean Kontuen Egunarekin luzatuko dituzte jaiak.

Inauteriak amaitu dira bailaran tradizioari eutsiz sardinaren ehorzketarekin Hernanin eta mozorroen festaren azken egunarekin Goizuetan.  Plazatik irten ziren Hernani Musika Eskolako dultzaineroak, atzetik penatuta herritarrak zituztela, sardina ehorzteko. Kale-buelta eginda, Plazan erre zuten.
Usadio zaharrek diote, sardinaren ehorz­ketarekin iragana erretzen dela, eta bidea irekitzen zaiola etorkizunari, are eta indar gehiagorekin.
Goizuetan, berriz, egun potoloa izan zuten mozorroen festarekin eta arratsaldean zahagi dantza ospatu zuten. Inauteriak borobiltzeko DJa eta afaria ere izan zuten, gero.
Hori bai,  nahiz eta Goizuetan ere bukatu diren inauteriak, larunbateko Kontuen Egunarekin luzatuko dituzte.
Bestetik, Hernanin aurtengo Inauterien  balorazio bilera egingo da bihar otsailaren 27an, 18:00etan, Biteri Kultur Etxean. Eguraldi aldetik ez da kexarik egongo, nahiz eta atzo euria izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!