Aldundia

Gipuzkoako baserri guztiek banda zabal ultraazkarra izatea helburu

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 25a, 00:00

Azpiegitura hori landa eremu osora zabaltze aldera 2023rako, Foru Aldundiak lan saioa egin zuen lurraldeko 85 udal ordezkarirekin.

Foru Aldundiak antolaturik eta Gipuzkoako udalei zuzenduta, banda zabal ultraazkarraren inguruko lan jardunaldia egin zen Tolosako Udaleko Pleno Aretoan pasa den astean. Markel Olano Diputatu Nagusia eta Imanol Lasa, Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Eremuko diputatuarekin batera 85 ordezkari bildu ziren.  «Konpromiso irmoa» berretsi zuen Aldundiak banda zabal ultraazkarra Gipuzkoako landa eremura zabaltzearena.  
Ahalegin horretan, deialdi berezia abiarazi zuen Aldundiak 2018. urtean eta bide beretik sakonduz, asmo haundiko helburua ezarri du Diputatu Nagusiak legealdi honetarako: 2023ko, Gipuzkoako landa eremuko baserri guztietara banda zabalarekin heltzea, baserria edonon egonik ere, eta diskriminaziorik ez egitea, ez teknologia mailan, ezta prezioan ere. 
Landa eremuko biztanle gehienek hiriguneetan bizi diren pertsonek dituzten bizitzeko eta lan egiteko baldintza berak izatea bilatu nahi da, «hiriguneen mailako zerbitzu eta ongizatea sustatuz, eta landa ingurunea erakargarri izan dadin, biztanlegoari eutsiz. Horrek esan nahi du, besteak beste, Errezilen bizi denak Donostiako Avenidan bizi denaren pareko internet konexioa edukitzea. Horretan dihardugu». 
Banda zabal ultraazkarra landa ingurune osora zabaltzeko, ordea, lan haundia dago egiteke oraindik. Diputatua Nagusiak emandako datuen arabera, herri txikietan oraindik 1.200 baserri inguru gelditzen dira konektatzeke, eta gainontzeko herrietako landa ingurunean, berriz, beste 4.000 baserri inguru. Aldundiak «anbizioz» jokatuko duela iragarri du, datozen urteetan esparru horretara iristeko, eta aditzera eman du aurten bertan bi deialdi aterako dituela helburua betetzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!