M8

«Jendarte eredu hau bizigaitza da gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 25a, 00:00
Iruñean egin zen aurkezpena, aurreko astean.

Euskal Herriko Bilgune Feministak martxoaren 8rako deialdia egin du eta aurten ere «kaleak beteko ditugu eredu kapitalista neoliberal honen aurka. Emakume langileen autoantolaketa beharrezkoa da pasibotasuna gaindituz».

Martxoak 8rako deialdia egin du Euskal Herriko Bilgune Feministak. Aurreko otsailaren 18an Euskal Herriko Mugimendu Feministak borroka egun baterako deia egin zuen Iruñean. Aurten berriro ere kaleak beteko dituztela adierazi dute «jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat» adierazteko.

Berdintasun formaletatik haratako, emakume, trans eta bolleren antolaketa aurtengo gai zentrala izango dela adierazi dute. Izan ere, «neoliberalismoak hain eragin haundia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua» behar dela kaleratu dute eta horretarako «kaleetan talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa» egin behar dela feminismotik.

«Kapitalismo basatiari aurre egiteko»
«Borroka feminista beharrezkoa da oraindik, gaur duela urtebete bezala, horregatik joan ginen Hego Euskal Herrian urtarrilaren 30ean greba orokorrera. Greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik, eta ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu».

Feminismoan emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratzen dute. «Komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu».

Arrazoi horiengatik guztiengatik, «martxoaren 8 honetan suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu», adierazi du Bilgune Feministak.

EGITARAUA MOBILIZAZIO NAGUSIAK

NAFARROA
12:00: Mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan.
18:00: Mobilizazio zentralizatuak eskualdeetan.

GIPUZKOA
12:00: Mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan.
18:00: Mobilizazio zentralizatuak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!