2015ean Abiatu hartu zutenek, gailua aldatu beharko dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 23a, 00:00

62.600 erabiltzaileri eragingo die, gailu horiek kadukatuko direla eta. Bihartik eskatu dezakete aldaketa, 'abiatu.bidegi.eus' webgunean.

Abiatu gailua aldatu beharko dute datozen hilabeteotan, 2015 urtean hartu zutenek. Izan ere, kadukatu egingo zaie, 2020ko urte bukaera eta 2021eko martxoa bitartean, sei urtekoa delako gailuen bizitza erabilgarria.

Hala azaldu dute Bidegik eta  Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta adierazi dute, 62.600 erabiltzaileri eragingo diela aldaketak; martxan dauden gailuen %65ari hain justu. Aldaketa eskatuta, Abiatu 2.0 gailu berria jasoko dute, eta bueltatu egin beharko dute gailu zaharra.

Datozen egunetan, erabiltzaile guztiek jasoko dute gutuna etxean, gailu berriari buruzko informazioarekin, eta baita aldaketa egiteko eman beharreko pausoekin ere.

Aritzetan, postetxean edo etxean jasotzea, aukeran

Bihar jarriko du martxan sistema eragilea Bidegik, aldaketa eskaerei erantzuteko. Horretarako, abiatu.bidegi.eus webgunean sartu beharko dute erabiltzaileek, beraien profilean, eta bertan, «oso modu erraz eta intuitiboan», datuak eguneratu beharko dituzte, eta tramiteak egin. Hori guztia, Bidegik Aritzetan daukan Bezeroen Arretarako Bulegoetan ere egin daiteke.

Eskaera egin ondoren, erabiltzaileek doan jasoko dute gailua, aukeratu duten tokian: etxetik gertuen duten postetxean, edota Aritzetako bulegoetan; eta nahi izanez gero, etxean ere jaso daiteke, entregatzeagatik euro bat ordainduta.

Gailu berria jasotzean, zaharra bueltatu beharko dute erabiltzaileek, edozein ordainlekutan edo Aritzetan. «Zaharra hilabeteko epean itzultzen ez bada, 36 euroko urteko kargua aplikatuko zaio, itzuli arte», azaldu dute.

 

Frantziako autobide guztietan eta Via T sistemari atxikitako aparkalekuetan, erabilgarria

Nabarmendu dute, Abiatu 2.0 gailu berriak mantenduko dituela egungo gailuaren abantaila eta deskontu guztiak: «eta gainera, Frantziako autobide guztietan eta Via T sistemari atxikitako aparkaleku frantziarretan erabili ahal izango da».

Horrela, Bidegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi dute, «Gipuzkoako autobideetan, esta­tu­ko­etan, eta Frantzia eta Portu­galeko autobide eta aparka­le­ku­etan», Abiaturekin ordaindu daitekeela, «apar­teko kargurik gabe». Eta argitu dute, gailu aldaketak ez dakarrela inolako kosturik, eta mantentze tarifak urtean 7 eurokoa izaten jarraituko duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!