Liburutegi ibiltaria ostiralean jarriko da

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 00:00

Ibiltaria da Harkaitz Delgadok martxan jarri duen zerbitzua. 14:30etan izango da Goizuetan eta 15:30etan, Aranon.

Liburutegi ibiltaria zerbitzu berria jarri du martxan Harkaitz Delgadok, Leitzako liburutegiko langileak. Eta horri esker, liburutegiko zerbitzuak jasoko dituzte Aranon eta Goizuetan ostiralean.

Hileko azkeneko ostiralean joanen da bi herrietara, eta beraz, otsailaren 28an eginen du estreinako bisita, Liburutegi ibiltariak. Eguerdiko 14:30etan izanen da Delgado Goizuetan; eta 15:30etan iritsiko da, Aranoko Maisueneara. Otsailaren 7an aurkeztu zuen zerbitzua Goizuetan, Harkaitz Delgadok berak.

Doakoa da eta eskaintza zabala du.
Doako zerbitzua izanen da, eta Nafarroako Liburutegi Sarearen katalogoko liburuak, filmak eta musika hartu ahal izanen dute maileguan, aranoar zein goizuetarrek. Oso eskaintza zabala dauka, gainera: sei astez eduki daiteke hartutako materiala, eta txanda bakoitzean, 12 elementu hartu daitezke, gehienez.

Interneten ere badauka zerbitzua, filmak ikusteko zein formatu digitaleko liburuak irakurtzeko. Bertan, 16.000 pelikula dauzkate eskura herritarrek, eta astean bi ikusi ahal izanen dituzte.

Izenematea bi modutan egin daiteke zerbitzua erabiltzeko
Zerbitzua erabili ahal izateko, izena eman behar da aurrena. Horretarako, ostirala aprobetxatu daiteke, edota bi herrietako toki ezberdinetan dauden izenemate txartelak bete: Aranoko udaletxean eta Ganbaran, eta Goizuetako udaletxean eta Amaia kafetegian. Honako datuak eman behar dira: izenabizenak, helbidea, telefono mugikorra, posta elektronikoa, NAN zenbakia (14 urtetik gorakoek) edo arduradun baten baimena (14 urtetik beherakoek).

WhatsApp edo Telegram bidez zein telefonoz, eskaerak
Nafarroako Liburutegi Sarearen katalogoa, ikusgai dago interneten: www.navarra.es/opac, ordenagailutik ikusteko; edota www. navarra.es/Mopac, mugikorretik ikusteko. Bertan ikusitako zerbait eskatu nahi izanez gero, liburuzainarekin jarri behar da harremanetan. 3 bide daude aukeran: WhatsApp edo Telegram bidez idatzi, 617 385 882 telefonora; edo deitu 948 51 03 79 zenbakira. Posta elektronikoa eman dute: biblilei@navarra.es.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!