Inauteriak

Eguzkitan dir-dir egingo dute koloreek asteburuan, Inauteriek jarritako giro paregabean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 00:00

Suziriak entzun orduko kantuari eta dantzatzeari ekin zioten atzo gaztetxoek.

Azeri dantzarekin hasiko da gaurko Inauteri eguna, eta Incansables txarangarekin bukatu. Asteartera arte segiko du festak, sardina ehorzten den arte.

EGITARAUA
HERNANIKO INAUTERIAK
GAUR, LARUNBATA
10:00 Azeri dantza.
11:30 Inauterietako txaranga.
11:30 Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00 Erromeria Jeiki Hadi taldearekin. San Joan Konpartsak antolatuta.
13:00 Erraldoi eta Buruhandiak Kaxkoan barrena.
14:00 Inauterietako bazkaria, Kontrakantxa Gaztetxean, eta ondoren, tribial herrikoia. Mozorroak 1920eko hamarkadan giro­tu­ta­ko­ak izateko proposamena egin da. Saria izango da.
17:30 Haurrentzako antzerkia: 
Tomaxen abenturak taldearen 
Azken balea ikuskizuna, 
Milagrosan.
18:30 Inauterietako txaranga.
18:30 Dantza festa gaztetxoentzat Iñigo Etxenike DJarekin, 
Atsegindegin.
22:30 Iñigo Etxenike DJaren emanaldia, Atsegindegin.
00:00 Incansables txaranga.
BIHAR, IGANDEA
11:30 Inauterietako txaranga.
12:00 Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea eta Inmakulada ikastetxea.
17:30 Inauterietako txaranga.
19:00 Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilariak.
19:30 Demode Quartet taldearen kontzertua, Tilosetan. Euria eginez gero, Biteri kultur etxean egingo da.
ETZI, ASTELEHENA
09:00 Diana. Hernaniko Soinua elkartearen eskutik.
10:00 Azeri dantza, gaztetxoentzat.
11:30 Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00 Kulki haur jolasak, 
Atsegindegin.
16:00 Erraldoi eta Buruhandiak Kaxkoan barrena, Hernaniko 
Soinua taldeko dultzaineroek girotuta.
17:00 Gaztetxoentzako puzgarriak Atsegindegin. Parte hartzeko gutxienez 8 urte izan behar dira.
ETZIDAMU, ASTEARTEA
18:30 Sardinaren ehorzketa.
GAZTELEKUA
Inauterietako asteburu honetan itxita egongo da Gaztelekua, gaur, bihar eta etzi. Asteartean, hala ere, otsailaren 25ean, ekintza izarra izango da aukeran.

Otsailean sartu bezala murgildu zen herria Inauteri giroan. Hileko aurreneko larunbatarekin hartu zituzten kaleak Hungariatik etorritako kaldereroek, Elur Txori elkartearen eskutik, eta pasa den asteburuan, berriz, Urumea ikastolako Inude eta Artzainen konpartsak eta Hernaniko Musika Bandak jarri zituzten festarako dantza eta doinuak.

Inauteriei hasiera ofiziala, hala ere, atzo eman zitzaien Hernanin, ostiral mehe egunarekin. Arratsaldean bat egin zuten Plazan eskola guztietako haur eta gaztetxoek. Langile ikastolako ordezkariak izan dira aurten, pregoiaren arduradun. Izan ere, 50 urte betetzen ditu ikasturte honetan Langilek, eta urteurrena ospatzeko ekitaldietan murgilduta dabiltza.

Txirritakoak Ereñotzun, Euskal Eskola Publikoaren alde
Den-denak, hala ere, ez ziren Hernaniko Plazan elkartu. Izan ere, Txirrita eskolako ikasleek Ereñotzun eman zioten hasiera festari. Aurrena, auzoan barrena kalejiran abiatu ziren, eta frontoira jo zuten gero. Bertan emanaldi alaia egin ondoren, merienda eder askoarekin gozatzeko aukera izan zuten, Katiluzar Guraso Elkartearen eskutik.

Hitzordua beste zerbaitetarako ere aprobetxatu zuten, gainera, Txirritakoek. Emanaldia eta meriendarekin bukatuta, argazkia atera zuten denek elkartuta, Euskal Eskola Publikoaz harro lelopean. Kanpaina hau Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak jarri zuen martxan, «Hezkuntza Sailak sare publikoarekiko erakusten duen utzikeriaren aurrean, gobernuak onartu nahi duen Hezkuntza Lege berriaren asmoaren atarian, eta Administrazioak hezkuntza arloan aspaldi hartu duen pribatizaziorako joeraz jakitun, Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarrikapena egiteko». EAEko ikastetxe, eskola, haurreskola eta laguntza zentro (Berritzeguneak, Irale…) guztiak daude kanpainarekin bat egitera deituta.

Musika eta kultur ekitaldiak, aukeran
Atzo festa giroan murgilduta, ez da etenik izango Hernanin, asteartera arte. Txaranga eta Musika Bandaren musika, erraldoi eta buruhaundiak, haurrentzako ikuskizuna edota pelota partiduak izan ziren aukeran, eta gaur eta datozen egunetan ere gehiago izango da.

Hasteko, azeri dantza izango da gaur, eta segidan, txaranga eta haurrentzako poni eta zezen txikiak. Erromeria eta erraldoi eta buruhaundiak ere izango dira, bazkalaurretik. 

Bazkaritarako hitzordua, berriz, Kontrakantxa Gaztetxean jarri du Gazte Asanbladak, eta 20eko hamarkadan girotutakoa izango da.

Ttapa Ttapa egitasmoan biltzen diren hirugarren adinekoek ere bat egin dute Inauteriekin.
 

Arratsaldetik gauera, haurrentzako antzerkia, txaranga, dantza festa, DJa eta Incansables txaranga izango dira.

Gaueko ordu txikietan txaranga batekin bukatu, eta biharko eguna ere txarangarekin hasiko da, goizeko 11:30etan. Gero, eguerdiko 12:00etan, konpartsak aterako dira Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldeak eta Inmakulada ikastetxeak prestatu dituzte karrozak. 

Arratsaldean berriro ere inauterietako txaranga aterako da, eta Musika Eskolako trikitilariak ere kale-bueltan ibiliko dira. Eguna bukatzeko, Demode Quartet laukoteak kontzetua emango du Tilosetan; euria eginez gero, Biterin.

Haurren eguna, astelehenean
Egunero izango dira adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak, baina astelehenean izango da berriro, ostiralean bezala, gaztetxoenentzako aukera gehiago.

Hasteko, Hernaniko Soinua elkarteko musikarien dianaren segidan, gaztetxoek gaztetxoentzako egindako azeri dantza izango da, eta gero, poni eta zezen txikiak, Latsunbeberrin. Segidan, haur jolasak izango dira, baita ere, Atsegindegin. Eta arratsaldean, erraldoi eta buruhaundiak, eta 8 urtetik gorakoentzako puzgarriak.

Atsegindegi, irekita
Obrak bukatuta, Atsegindegi erabilgarri dago, dagoeneko.  

Ondo pasatzeko gonbidapena luzatu zuten pregoian. Langile ikastolako ordezkariek.

Beste 50 urtez, giroa jartzeko prest

Ostiral mehe egunarekin hasi ziren atzo Inauteriak Hernanin, pasa den asteburuan Urumea ikastolako Inude eta Artzainek eta Hernaniko Musika Bandak herria girotu bazuten ere, eta hilaren hasieran, Elur Txoriko kaldereroek. Festari hasiera ofiziala eskoletako gaztetxoek eman zioten atzo, eta algara, barre, kolore, ohiu, dantza eta barrez bete zuten Plaza eta Kaxkoa. Langile ikastolako ordezkariak izan dira aurten, pregoia botatzeko arduradunak, aurtengo  ikasturtean 50 urte egiten baititu eskolak, eta ospakizunetan murgilduta daramate urte guztia. Ondo pasatzeko baimena emanda, txarangaren atzetik saltoka abiatu ziren Plazan bildutako gaztetxo guztiak, eta herri guztira zabaldu zuten, asteburu osoan zehar Hernaniko kaleak jantziko duen giro ona.  

Inauterietan ere, udaltzainak beti lanean!

Esku-burdin eta borrak ere, Inauteri doinuen erritmora

Udaltzainek lanik ez dute falta izaten Hernanin, ezta festa giroa nagusi denean ere! Zoologikotik hainbat animaliak ihes egin zuen atzo, Inauterietako txaranga eta fanfarre doinuek erakarrita, eta dantza eta saltoka herrian barren libre ibiltzeko gogoz atera ziren kalera. Baina udaltzainek, lanerako prest beti, dantzara atera zituzten baita ere, borra eta esku burdinak! Bihotza xamurtuko ote zitzaien, Inauteri giro alaiak kutsatuta?

Canarioren 'Orbagur 50', Inauteriei soinu banda jartzeko

Jorge Pachecoren zuzendaritzapean eman zuen atzo Musika Bandak Inauterietako kontzertua. Zarzuelatik euskal musikara, jo zituzten Delgadoren Little Big Jon, Bretonen La Dolores, Gimenezen La torre del oro... Eta, Joakin Ortega Canario, duela 50 urte Incansables txaranga sortu zuenetik bertan jarraitzen duen musikariren Orbagur 50 pieza berezia. Agur esango dio txarangari, eta kantu hau sortu du, alabei ere keinu eginez.

Erraldoi eta Buruhandiek atzo, aurreneko buelta

Aurreneko txarangak lanak bukatuta, Erraldoi eta Buruhandiek hartu zute atzo dantzarako erreleboa. Plazatik atera eta Kaxkoan barrena ibili ziren, batena baino gehiagoren bizkarrak berotzen. Gaur ere aterako dira berriro, egurdiko 13:00etan; baita astelehenean ere.


Kronikako Andramari kazetari argazkilari, Elizatxo ikastolan.
Kronika ere, Inauterietan

Mota guztietako mozorroak atera zituzten kalera atzo herritarrek, zein baino zein originalagakoak. Elizatxo ikastolan, adibidez, Kronikako Andramari kazetari argazkilari anderea azaldu zen, festa giroan murgilduta ere, lanean fin aritzeko, beti bezala!

Pankartaz pankarta, Inauerietako kalejiraren ondoren Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria egin zuten.

«Harro» Txirrita, Euskal Eskola Publikoaz

Inauteri giroan elkartu izana aprobetxatu zuen atzo Txirrita ikastetxeak, beste egiteko baterako ere: Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformaren deialdiarekin bat egin, eta argazkia atera zuten ikasle, irakasle eta gurasoek elkartuta, Euskal Eskola Publikoaz harro lelopean, hezkuntza sistema publikoari babesa erakusteko eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari sistema babesteko eskatzeko.

Estilo guztietako dantzariak batu ziren frontoian.

Hippy eta rockero, Inauterietako musikak lagunduz gero, dantzan denak jo eta fuego!

Festa giroan murgiltzeko, kalejiran abiatu ziren Txirrita ikastetxeko ikasleak, Ereñotzun barrena, eta frontoira jo zuten segidan, bertan emanaldia eskaintzeko. Inauteri giroan murgilduta, dantzan egin zuten bat bertaratutako guztiek. Hippy edo rockero, edozein estilotako festazaleek topatu zuten zerekin gozatu, denak elkartuta. Gorputza mugitzeko aitzakiarik ez zuten falta!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!