Inauterien asteburua izanik, ez dute atsedenik egingo zenbait pilotari eta palistek. Gaur arratsaldean, Tilosetako frontoian, aukera dute 8 urtetik gorakoek, 16:45etatik 17:45etara palarekin hainbat partidu jokatzeko, CD Hernani eta Hernaniko palisten eskutik. Horrez gain, Hernaniko pelotariek, bat egin dute Inauteriekin, eta txapelketa bat antolatu dute, gaur hiru partidu jokaturik. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera izango dira, eta honakoak dira jokatuko diren partiduak: kadeteetan, Jona Jara eta Unai Etxarri, Arrillaga eta Belokiren aurka ariko dira. Seniorretan, Unax Uitzi eta Oinatz Intsaustik, Saralegi eta Goikoetxeaundia izango dituzte aurkari eta seniorretan, Josu Altuna eta Oihan Zugastik, Zapiain eta Migeltorenaren aurka jokatuko dute.
Mundarrok, gaur eta bihar
Astigarragan ere ez dute hutsik egingo pelotari eta palistek, izan ere, gaur hiru partidu jokatuko baitira, bi palazkoak eta bat eskuz. Arratsaldeko 19:30etan, Mundarrokoek, Hernaniren aurka jokatuko dute, Astigarragan. Hernaniz gain, astigartar neska palistek Intxurre izango dute aurkari, etxean, eta eskuz, Añorgaren aurka jokatu beharko dute astigartar mutil kadeteek.
Bihar berriz, Hernani eta Astigarragako kadeteak aurkari izango dira eskuzko partiduan, arratsaldeko 15:30etan, Gaskan.
Mendialdeko Binakakoak, gaur
Gaur arratsaldeko 17:30tan, jokatuko da Mendialdeko Binaka I. pilota txapelketa. Komiak 2 izango dira gaurkoan; J. Alsua eta Aranberrik, M Zurutuza eta Lujanbioren aurka jokatuko dute.