Asteburu indartsu eta koloretsua datorkigu aurretik bailarako hainbat herritara. Hernaniren kasuan, Inauteriei, hilaren 16an eman zitzaien hasiera, Inude eta Artzaien konpartsarekin eta Musika Bandak eskainitako Inauterietako iragarpen kontzertuarekin. Hala ere, gaur emango zaie jaiei hasiera ofiziala, eta hilaren 25ean amaituko dira, sardinaren ehorzketarekin.
Bost egun hauetan, hamaika ekintza egongo dira, adin guztientzat egokitutakoak. Eta gaur, Langile Ikastolako ordezkariek emango diete hasiera Inauteriei, herriko plazan. Behin txupina botata, ikastolako haurrak aterako dira herrian barrena txarangarekin kaleak eta bazterrak girotzera. Arratsaldean, Gora kasete ikuskizuna eskainiko da eta bertaratzen diren guztiak jarriko ditu dantzan. Musika lasaiagoaz gozatzeko aukera ere egongo da, Hernaniko Musika Bandak Klasiko Kuttunak abestuko baitute, arratsaldeko 19:30etan, Milagrosan. Honakoak izango dira joko dituzten abestiak: Eugenio Delgadoren Little Big Jon, Jose Francoren Lau urtaroak obrako, Udaberria eta Udara, Tomas Bretonen La Dolores operako Gran Jota, Geronimo Gimenezen La torre del oro eta J. Ortega Villar «Canario»ren Orbagur 50. Eta asteartera arte ekintza gehiago egongo dira
1920ko hamarkadara buelta
Gaztetxekoek ere bat egin dute Inauteriekin, eta bihar bazkaria egingo dute eguerdiko 14:00etan. Mozorroaren tematika 1920.hamarkada izango da, eta kontrakantxakoek diote, «tematika jarraitzen dutenentzat saria egongo da».
Astigarragan, gaurtik igandera
Hernaniren moduan, Astigarragan ere gaur emango zaie Inauteriei hasiera ofiziala. Eta astigartar txikiak izango dira Inauteriei hasiera emango dioten protagonistak, Superheroiak izeneko emanaldia eskainiko baitute kiroldegian eguerdiko 14:30etan. Etziko Inude eta Artzaien konpartsan ateratzeko azken ensaioa gaur izango dela gogorarazi dute antolatzaileek.
Ereñotzun eta Goizuetan ere, festa eta kolorea
Goizuetan, etzi hasiko dira Inauteriak eta asteartean amaituko dira eta hamaika ekintza egongo dira. Ereñotzun berriz, eguerdiko 15:00etan aterako dira txikiak kalejira eginez eta frontoiean emanaldia eskainiko dute, eta arratsaldeko 16:00etan Katiluzar Guraso Elkartearen eskutik merienda eskainiko da. Jarraian, Euskal Eskola Publikoa harro argazkia aterako dute.