Atletismoa

Hodei Lujanbio hirugarren Lezoko mendi lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 00:00

Adarraga Memorialean mutilen infantil lasterketa.

Asteburuan mendi, errepide, kros eta pistako lasterketak jokatu dira hainbat lekutan eta denetan aritu dira bailarako korrikalariak.

Mendi eta atletismo lasterketa ugari jokatu dira asteburuan zehar, baita Hernanin bertan ere. Mendian barrena, krosean, pistan eta errepidean egon dira lasterketak eta emaitzarik esanguratsuena Hodei Lujanbio goizuetarrak lortu du Lezo-Jaizkibelgo zazpigarren mendi lasterketan. Goizuetarrak hirugarren amaitu du eta podiumera igotzea lortu zuen. Etxeko Ander Iñarrak irabazi zuen eta Joxe Amundarain hondarribiarrak amaitu zuen bigarren. Hirurak minutu t'erdiren bueltan sartu ziren helmugan, laugarrena jada hiru minutura aldenduz.
Hernanitik Xabi Intxauspe, Araitz Irazu, Sergio Fernández, Jon Iraola, Miguel Anjel Flores, Granado eta Maddi Amatriain ere egon ziren bertan. Astigarragako Libe Lafuentek eta Txarli Gómezek 14 kilometroak osatu zituzten eta Hodei Lujanbiorekin batera Garikoitz Lopez izan zen goizuetarren ordezkaria Lezon.
Antzuolan ere jokatu zen mendi lasterketa eta bertan parte hartu zuten Borja Tejedor eta Mikel Ruiz de Galarretak. 

Hoki Guerrero eta Aitziber Martin elkarrekin Irungo maratoi erdian
Hori mendi lasterketei dagokionez, baina korrikako beste modalitate ugari ere egon dira asteburuan zehar. 
Errepidean Irunen 10 kilometroko eta maratoi erdiko lasterketak jokatu ziren. Emaitzarik esanguratsuenak nesken mailan iritsi ziren eta maratoi erdiko lasterketan. Hoki Gerrero eta Aitziber Martin hernaniarrak elkarrekin iritsi ziren helmugara laugarren eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren. Beraien denbora ordu bete 31 minutu eta 31 segundokoa izan zen. Garaipena Ibarrako Maialen Muñozek lortu zuen ordu bete 25 minutu eta 8 segundorekin.
Mutiletan bailarako korrikalaririk azkarrena Vincent Pastor izan zen hamabosgarren postuan ordu bete 19 minutu eta 3 segundoko denborarekin. Anderson Sanchezek 37garren bukatu zuen maratoi erdia. Behobia eta Donostiako garaile den Chakib Lachgar errenteriarrak lortu zuen hemen ere garaipena. Hamar kilometroko lasterketan Iker Martinez astigartarrak indartsu amaitu zuen zazpigarren postuan. Lehenengo postua Oriora joan zen Hossain Kaanacheren eskutik.

Gipuzkoako eskolarteko kros txapelketaren garaipena  Orio eta Azkoitira
Krosean Orioko beste lasterkari batek irabazi zuen Hernaniko Adarraga Memoriala. Gipuzkoako eskolarteko txapelketa da Hernanin asteburuan jokatu dena eta bertan infantil mutiletan Martin Iriondo oriotarra izan zen azkarrena eta infantil nesketan Jone Sudupe azkoitiarra. 
Bi maila hauetan baziren hernaniarrak. Nesketan Elene Huitzik bosgarren amaitu zuen eta Inge Gomezek hamabigarren. 50 partaide izan zituen lasterketan nesketan eta 53 mutiletan. Azken honetan Mikel Camposek 28garren egin zuen.
Alebinak ere aritu ziren bai mutil eta bai nesketan. Garaipenak Goierri aldera joan ziren. Nesketan Ane Iparragirrek irabazi zuen eta mutiletan Jon Esquisabelek. Lasterketa honetan Lur Oconek 15garren bukatu zuen. Esan 69 partaide izan zirela mutiletan. Nesketan 63k amaitu zuten lasterketa eta sei hernaniarrek hartu zuten parte: Izaro Alsua (38), Intza Galdos (39), Edurne Albisu (50), Irene Zubeldia (56), Uxue Trujillo (57) eta Nahia Mitxelena (58). 
Gaur egun Adarraga Memoriala atletismo pistaren inguruetan antolatzen da eta partaidetza asko biltzen du bi mailetan.

Pista estalian gazteen Gipuzkoako Txapelketako bigarren jardunaldia
Pista estalian ere Gipuzkoako txapelketak jokatu dira asteburuan. Amaiur Velezek berriz ere garaipena lortu zuen 60 metro hesietan. Podiumetik gertu geratu ziren beste hainbat lasterkari gazte hernaniar. 
Oier Elizegi, Amaiur Velez, Endika Barral, Arixen Unanue,  Eider Garro, Naroa San Miguel,  Naroa Vieites, Naia Gómez eta Nagore Urkiola izan dira bertan parte hartu duten hernaniarrak froga desberdinetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!