gidabaimena euskaraz

Gidabaimena ateratzeko azterketa euskeraz egin duten 127 lagunetatik 9k saria, Buruntzaldean

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00
Buruntzaldeko euskera zinegotzi eta autoeskoletako ordezkariak, zozketa egin ondoren.

Buruntzaldeko Udalek, autoeskolekin elkarlanean, Gidabaimena Euskaraz kanpaina jarri zuten martxan orain 10 urte. 2019an 124 lagunek egin dute azterketa euskeraz, eta 9k irabazi dute saria.

Atzo bildu ziren Hernanin Buruntzaldeko Udaletako eta autoeskoletako arduradunak, Gidabaimena Euskaraz kanpainaren barruan 400 euro arteko sariak zozketatzeko, 2019an gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz egin dutenen artean. Denera, 124 ikasle izan dira 2019an, eta 9 laguni egokitu zaie saria; herri bakoitzean dagoen autoeskola adina saritu izan dira.

Hernanin eta Astigarragan, lau saritu
Zazpi dira denera sei herrietan dauden autoeskolak, baina batzuk bi herritan daude: Hernanin, Lagunak, Hernani eta Otamendi; azken hau, Astigarragan ere bai; Andoainen, berriz, Bengoetxea eta Mendi; Lasarte- -Orian, bestalde, Mugica; eta Urnietan eta Usurbilen, Solozabal.

Horregatik, bederatzi sari zozketatu ziren atzo, eta ondorengoak izan dira irabazleak: Hernanin, Asier Lako Maiz, Mikel Lizeaga Romano eta Pettan Uralde Conde, hirurak Otamendikoak; Astigarragan, Peru Ruiz Irisarri, autoeskola berekoa; Andoainen, Eider Sagarzazu Olaskoaga eta Garazi Urkola Arsuaga, Mendi autoeskolakoak; Lasarte-Orian, Maddi Sukunza Gomez, Mugica autoeskolakoa; Urnietan, Ane Loitegi Ugalde, Hernani autoeskolakoa; eta Usurbilen, Imanol Furundarena Maiz, Solozabal autoeskolakoa.

Berriro ere, goraka
Zozketa egiteaz gain, bertaratutako zinegotziek egitasmoa martxan jarri zenetik orain arteko errepasoa egin zuten.

Oier Agirresarobe Lizaso, Hernaniko euskera zinegotziak nabarmendu zuen «Gidabaimena Euskaraz ekimenak dagoeneko 10 urte» egin dituela, eta denbora horretan, «1027 lagun» izan direla gidabaimenaren atal teorikoa ateratzeko azterketa euskeraz egin dutenak. Nabarmendu zuen, baita ere, «egitasmoa martxan jarri zenean, 2014an, 34 ikasle» izan zirela. «Gero, gorakada izan zen, eta atzetik, beherakada. Orain, badirudi, berriro ere gorakada bizitzen ari garela». 2014an 34 izan ziren; 2011n, 60: 2012an, 112; 2013an, 135; 2014an, 140; 2015ean, 113; 2016an, 96; 2017an, 103; 2018an, 110; eta 2019an, 124.

Jon Antxordoki Rekondo, Lasarte-Oriako euskerako batzordeburua, bestalde, ikasleetan «iaztik %10eko igoera» izan delako «proiektuarekin gustora» azaldu zen. «Horrela jarraitu behar dugu. Gazteek D ereduan ikasten dute, eskolaz kanpoko jarduerak ere euskeraz egiten dituzte, eta gidabaimena ateratzeak ere euskeraz behar du. Ez dakigu nola landu gehiago, baina segiko dugu horretan. Hutsunea atal praktikoan daukagu. Saiatuko gara pixkanaka hori konpontzen».

Azkenik, Oxkar Santamaria Pikabea, Usurbilgo euskera zinegotziak eskerrak eman zizkien Buruntzaldeko Udalei, «egitasmo polit honi hasiera eman eta eusteagatik». Eta baita ere autoeskolei, «ahalegina egin dutelako herritarrak animatu, prestakuntza euskeraz eman eta bidea irekitzeko». Nola ez, herritarrei ere eskerrak eman zizkien, bide horri ekiteagatik.

18 urte egiten dituztenei, gutuna
Kanpainarekin segi egingo dutela adierazi zuten, eta argitu zuten, urtero bezala, maiatzean gutuna bidaliko zaiela 18 urte egiten dituztenei, egitasmoaren berri emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!