Liburutegi ibiltariak Arano eta Goizuetara bisitan, hilean behin

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Leitzako liburutegiko langilea joanen da hilean behin. Otsailaren 28an izanen da, bi herrietan: Goizuetan 14:30etan, eta Aranon 15:30etan.

Liburutegi ibiltaria zerbitzu berria jarri du martxan Harkaitz Delgadok, Leitzako liburutegiko langileak. Eta horri esker, libu­ru­tegiko zerbitzuak jasoko dituzte Ara­­non eta Goizuetan, hilean behin.

Hileko azkeneko ostiralean joanen da bi herrietara, eta beraz, otsailaren 28an eginen du estreinako bisita, Liburutegi ibil­­tariak. Eguerdiko 14:30etan izanen da Delgado Goizuetan; eta 15:30etan iritsiko da, Aranoko Maisueneara.

Otsailaren 7an aurkeztu zu­en zerbitzua Goizuetan, Harkaitz Delgadok berak.

 

Liburuak, filmak eta musika, maileguan hartzeko aukera

Doako zerbitzua izanen da, eta Nafarroako Liburutegi Sarearen katalogoko liburuak, filmak eta musika hartu ahal izanen dute maileguan, aranoar zein goizuetarrek. Oso eskaintza zabala dauka, gainera: sei astez eduki daiteke hartutako materiala, eta txanda bakoitzean, 12 elementu hartu daitezke, gehienez.

Interneten ere badauka zerbitzua, filmak ikusteko zein for­matu digitaleko liburuak irakurtzeko. Bertan, 16.000 peli­kula dauzkate eskura herritarrek, eta astean bi ikusi ahal izanen dituzte.

 

Izenematea, zerbitzua erabiltzeko

Zerbitzua erabili ahal izateko, izena eman behar da aurrena. Horretarako, Harkaitz Delgadok bisita egiten duenean aprobetxatu daiteke, edota bi herrietako toki ezberdinetan dauden izenemate txartelak bete: Aranoko udaletxean eta ganbaran, eta Goizuetako udaletxean eta Amaia kafetegian. Hona­ko datuak eman behar dira: izen-abi­zenak, helbidea, telefono mu­­gikorra, posta elektronikoa, NAN zenbakia (14 urtetik gorakoek) edo arduradun baten baimena (14 urtetik beherakoek).

 

WhatsApp edo Telegram bidez zein telefonoz, eskaerak

Nafarroako Liburutegi Sarearen katalogo osoa, ikusgai dago interneten: www.navarra.es/opac, ordenagailutik ikusteko; edota www.navarra.es/Mopac, mugikorretik ikusteko. Bertan ikusitako zerbait eskatu nahi izanez gero, liburuzainarekin jarri be­har da harremanetan. Hiru bide daude aukeran: WhatsApp edo Telegram bidez idatzi, 617 385 882 telefonora; edo deitu 948 51 03 79 telefono zenbakira.

Zalantzak argitzeko eta informazio gehiago eskatzeko, hi­ru aukera horietaz gain, posta elektroniko hel­bidea ere eman dute: biblilei@navarra.es.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!