Zinea

Zinemaz zinema, 'Lur eta Amets' euskal filma

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 14a, 09:19

Hau bai abentura! Lur eta Amets euskarazko abentura filma zinemaz zinema dabil. Protagonistak, Lur eta Amets anai-arrebak,  Euskal Herriko garai ezberdinetan murgiltzen dira pelikulan, hainbat lagunekin batera.

Otsailaren 7an estreinatu zen zinemetan Hau bai abentura! Lur eta Amets euskarazko abentura filma, eta zinemaz zinema dabil ordutik. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendutako pelikulan, Lur eta Amets anai-arrebak Euskal Herriko garai ezberdinetan murgilduko dira Baltaxar katuarekin eta Amona Andererekin batera.

Paperetik bizitzara
Lur eta Amets proiektua 2015ean sortu zuten Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak, «gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko» helburuarekin, eta hori landu zuten ezagutza liburuarekin, ipuin sortarekin eta ondoren etorri zen galdera-erantzun mahai jokoarekin. 

Baina pertsonaiek bizia hartu dute gero: Euskal Herria autobus magiko batean zeharkatu dute abendutik otsailera bitartean. Guztia, hamaika geldialdi egin dituzte; besteak beste, Durangon, Arrasaten, Altsasun, Eibarren, Gasteizen, Getxon, Iruñean eta Donostian izan dira, antzoki eta aretoetan, eta harrera ezin hobea egin diete. 

Orain, berriz, zinemetara egin dute salto.

Zineman ikusteko aukera

Dagoeneko hainbat zinema aretotan jarri dute Hau bai abentura! Lur eta Amets pelikula. Urumea bailaran ez da egokitu, oraindik. Baina datak zehaztu ahala jakinaraziko da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!