Futbola

Hernanik Anaitasuna eta Eibar Urkoren gurpila jarraitzen du

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 11a, 00:00

Hernaniarrek ezin izan zuten Mundarroko erasoa gelditu.

Ohorezko Erregionaleko taldeak 1-2 irabazi du Oiartzunen eta hirugarren jarraitzen du alde berdinera aurrekoek ere irabazi egin baitute.

Hernanik garaipen garrantzitsua lortu du asteburuan Oiartzunen Ohorezko Erregional mailan. Talde oiartzuarra atzeko postuetan dago sailkapenean eta irabaztea garrantzitsua zen aurrekoen gurpila ez galtzeko. Munduatek zuzentzen duen taldeak ez zuen hutsik egin eta garaipena lortu zuen 1-2 Lekuona futbol zelaian. 

Aurreneko postuan dagoen Eibar Urkok eta bigarren postuan dagoen Anaitasunak ere ez zuten punturik galdu eta bi garaipen erdietsi zituzten. Honela, sailkapenean gauzak ez dira aldatu. Eibartarrek jarraitzen dute lehenengo postuan eta hernaniarrak bost puntura daude. Anaitsauna gertuago dago, bi puntura. Oraindik jardunaldi asko geratzen dira eta edozer gertatu daiteke. 
Datorren astean Hernanik Zubipen jokatuko du Amaikak Baten kontra. Hauek ere goiko postuetan daude, seigarrenak, eta ez da partidu erraza izango.

Mundarro derbian nagusi 0-4 Hernaniren aurka

Preferente mailan bailarako derbia jokatu zen, Zubipen, Hernani eta Mundarroren artean eta astigartarrak jaun eta jabe izan ziren azken emaitzan. Mundarro 0-4 nagusitu zitzaion Hernaniri. 

Partidua hasi eta oso gutxira, bigarren minutuan Iñurrik Mundarro markagailuan aurretik jarri zuen. Hasierako minutu horietan golaren indarrarekin moreak nagusi izan ziren, gainera ordu laurdena bete aurretik Iñakik moreen bigarrena egin zuen. Oraindik denbora asko falta zen eta Hernanik ez zuen amorerik eman.

Egoeraren aurrean estutu egin zuen Hernanik nahiz eta astigartarren ordena eta seriotasunagatik ez zuten aukerarik sortzerik izan.
Bigarren zatia ildo beretik joan zen. Hamargarren minutuan Iñurrik hirugarrena sartu zuen Mundarrorentzat eta minutu bakarraren faltan iritsi zen laugarrena eta azkena Marcosen eskutik. Emaitza honekin Mundarrok zazpigarren jarraitzen du, Rotetarekin berdinduta, baina bederatzigarrena urruti dago. Hernani berriz, hamabigarrena da.

Nesketan garaipen ona Hernanik

Euskal Ligan Hernanik garaipen ona lortu zuen etxetik kanpo Lakuaren aurka. Azkenean gol bat nahikoa izan zen Hernanira hiru puntuak ekartzeko. Garaipenarekin bederatzigarren postuan sendotu dira neska hernaniarrak. 
Gauzak ez ziren ongi joan jubenil nazional taldearentzat. Athletic-ek bederatzi gol sartu zizkon eta 9-1 galdu eta gero 14garrenak daude sailkapenean 16 taldeetatik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!