futbola

Derbiekin zita bikoitza Zubipen, Hernanik eta Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 8a, 00:00

Derbia jokatuko dute gaur, Hernani eta Mundarroko Erregional Preferenteek.

Gaur 16:30etan jokatuko dute Erregional Preferenteek, eta segidan Ohorezko Mailako Jubenilek. Hernaniko talde nagusiak, kanpoan.

Derbi eguna izango da gaurkoa, Zubipen: bi partidu jokatuko dituzte elkarren kontra, arratsaldean, Hernanik eta Mundarrok. Aurrena, 16:30etan, Erregional Preferenteko mutilak ariko dira. Bolada onari segida eman, eta laugarren garaipena bilatuko dute moreek, gora egiten jarraitzeko; baina sasoi onean dago Hernani ere, azkeneko lau partiduetatik bi irabazi eta beste bi berdinduta. Partidu polita espero da, beraz.

Eta segidan jokatuko da bigarren derbia, mutil jubenilen Ohorezko Mailakoa, 18:30etan. Oso egoera ezberdinean daude bi taldeak: sailkapenean hirugarrena da Mundarro, liderra puntu bakarrera duela; eta azkenaurrena Hernani, mailari eusteko lehian sartuta.

Euskal Ligan eta Ohorezko Erregional mailan, kanpoan
Zubipetik urrun ariko dira, aldiz, Hernaniko bi talde nagusiak. Euskal Ligako neskek Lakuara joan beharko dute, eta bertako taldea izango dute kontrario, Sansomendi zelaian, gaur arratsaldeko 16:00etan.

Sailkapenean hernaniarren atzetik dago talde gasteiztarra, eta aukera polita daukate txuri-berdeek, kontrario zuzen bat are eta gehiago atzeratzeko. 23 punturekin 10garrena da Hernani, eta 17 punturekin 14garren Lakua, azken hirugarren.

Mutilen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, azkenaldiko sasoi ederrari eutsi nahi diote hernaniarrek. Azkeneko lau partiduak irabazita, gora egin dute sailkapenean, hirugarren jartzeraino, aurreneko biak gertu dituztela: 40 puntu dauzkate beraiek, Eibar liderrak 45 puntu, eta Anaitasuna bigarrenak 42. Irabazi beharreko partidua daukate gaur, Oiartzungo Karla Lekuona zelaian, 15:30etan. Izan ere, azkenaurreko sailkatua da Oiartzun, azkenekoaren puntu berdinekin.

Liga Nazionaleko mutil jubenilak, Lezaman ariko dira, gaur 15:30etan, Athleticen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!