Gauza jakina da, kirola egiteak onura ekarriko diola gure osasunari, eta gure gorputzaren ongizateari; modu egokian eta gehiegikeriarik gabe eginez gero, noski. Eta osasuntsu egoteaz hitz egiterakoan, burura etorri ohi zaigun aurreneko ideia izaten da, kirola egitekoa.
Baina ariketa fisikoa egitearekin batera, badira beste hainbat jarduera, teknika edo tresna, oso baliagarriak izan daitezkeenak, gorputzaren ongizatea lortzeko garaian. Gero eta zabalagoa da aukera sorta, gainera.
Ez erretzea, alkohola neurrian edatea... edota elikadura orekatua eta osasuntsua egitea ere ohikoak dira, gaiaz ari garela. Hamaika modutako elikadura ereduak aurkitu ditzakegu.
Elikadura egokiena, pertsonaren araberakoa
Norberaren ongizatean eragin zuzena dauka elikadurak, eta garrantzitsua da beti aipatzen den elikadura osasungarria eta orekatua egitea. Baina horren barruan, askotarikoak izan daitezke jarraitu ditzakegun elikadura pautak. Horregatik, garrantzitsua da jakitea, pertsona bakoitzaren arabera ezberdina izango dela elikadura egokiena. Izan ere, bakoitzak dauzkan ezaugarriak eta beharrak, gainerakoek dauzkatenetatik ezberdinak dira. Hortaz, pisua galdu nahi dugunean, edo beste edozer lortu nahi dugunean, ez digu ezinbestean funtzionatuko, ondokoari ondo egin dion elikadura modeloak. Guretzako egokiena dena zehazten lagunduko digu espezialista batek.
Edonola ere, badira pauta orokor batzuk, edonorentzat aplikagarriak izan daitezkeenak. Esaterako, elikagai prozesatuak saihestea komeni da, eta produktu naturalak kontsumitzea, garaian garaikoak bereziki. Fruta eta berdura gehiago jatea komeni da, arraina eta haragia astean hiru edo lau aldiz, eta egunean bost otordu egitea.
Luzaketak eta erlaxazioa, gorputzaren orekaren bila
Osasuntsu elikatzearekin batera, funtsezkoak izango dira ariketa fisikoa egitea eta atseden hartzea ere. Baina bata zein bestea eraginkorrak izan daitezen, gure gorputzak egoera onean behar du egon; alegia, tentsio muskularrak arinduta, gainkargak askatuta, gorputzeko atal guztiak lasaituta...
Horretan asko lagunduko diguten teknika, jarduera eta metodoak dira, fisioterapia, osteopatia, luzaketak eta yoga bezalakoak. Dauzkagun arazotxoak konpondu, edota arazo berriak sortzea ekidingo digute, bakoitzak bere erara, eta bere eremuan.
Kirola egin duenak ondo daki (eta egin ez duenak ere bai, ziurrenik), funtsezkoa dela giharrak luzatzea eta beroketak egitea, lesioak saihesteko. Baina kirolarien artean bakarrik ez, eta ezta soilik lesioak saihesteko ere. Guztiei lagunduko diete luzatekek, gorputzaren ongizatea lortzen. Horretarako tresna berria bezain eraginkorra da, Italian sortu eta dagoeneko gurera iritsi dena: K Stretch izeneko metodoa.
Danilo Barziok sortua, gihar kateak luzatzea ahalbidetzen du K Stretch metodoak, gorputzaren ongizatea lortzeko; baina baita tonu muskularra indartzeko ere. Hamaka berezi bat da K Stretch, eta bere helburua da postura hobetu eta giharren tentsioak orekatzea. Eta horrekin batera, lortzen da baita ere, hobetzea giharren elastikotasuna, egoera fisikoa, artikulazioen mugikortasuna, edota odolaren zirkulazioa, besteak beste.
Horregatik, kirolarientzako ez ezik, kirola egiten ez dutenentzako ere oso metodo egokia izan daiteke.
Edonorentzako modukoa da, era berean, dagoeneko ezagunagoa den beste jarduera bat: yoga. Malgua izan edo ez, adinekoa zein gaztea, kirola inoiz egin gabea... Edonork praktikatu dezake yoga.
Gure gorputza ondo egoteko, beharrezkoa izango dugu gure osasun fisikoa zein emozionala, biak egotea orekatuta. Eta hori da, funtsean, yogak bilatzen duena: adimena eta gorputza kontrolatzen ikasi, eta biek bat egitea, ongizatea lortzea oztopatzen diguten trabak ezabatuz.
Asko izan daitezke, yogaren bitartez lortu ditzakegun onurak. Esaterako, gure flexiblitatea eta indarra haunditzen lagunduko digu; estresa eta antsietatea ezabatuko dizkigu; unean unekoa bizitzen erakutsiko digu; egoa eta diziplina lantzen lagunduko digu; bizkarreko eta giharretako minak desagerraraziko dizkigu; eta erlaxatu egingo gaitu, besteak beste.
Yogaz hitz egitean, ohikoa da pentsatzea posturetan; baina hori yogaren adarretako bat da soilik. Eta yoga motak ere, makina bat daude, pertsonaren eta helburuaren arabera: haurrentzat, haurdun daudenentzat, gazteentzat, adinekoentzat, lesioren bat dutenentzat, erlaxatu nahi dutenentzat, flexiblitatea, indarra edo oreka landu nahi duten horientzat...
Osteopatia eta fisioterapia, bi espezialitate ezberdin
Gorputza ondo eduki nahi izate horretan, hain justu, lesioak eta bizkarreko zein giharretako minak dira traba nagusietako bat. Horiek arintzen zein sendatzen, osteopatiak eta fisioterapiak lagunduko digute. Antzekotasunak dauzkate biek, eta ohikoa da pentsatzea gauza bera direla. Baina bien helburua antzekoa izan arren, tratamendua enfokatzeko modua ezberdina da.
Osteopatiak, teknika manualak baliatzen ditu, gorputzaren estrukturari garrantzia haundia emanez, gorputzaren oreka berreskuratu eta mantentzeko, sendatu eta osatu dadin, eta mantendu dezan autoerregulatzeko gaitasuna. Ulertzen dute, gorputza dela modu perfektuan konektatutako sistemen multzo bat, eta oinarri horren gainean egiten dute lan, gorputzaren armonia berrezartzeko.
Fisioterapiak ere hartzen ditu bere tratamenduen artean, osteopatiaren teknikak. Baina teknika manualez gain, baliatzen ditu hotza, beroa, argia, ura eta elektrizitatea bezalako elementu naturalak, mina tratatzeko; eta baita masaje manuala ere.