Musika

'Erik eta Win' emanaldia gaur eskainiko du Buhameak Antiguon

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 7a, 00:00

Lugaritzen ariko dira 20:00etatik aurrera Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak, eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariak.

Buhameak taldeak Erik eta Win emanaldia eskainiko du gaur, 20:00etan Donostiako Lugaritz kultur etxean. Taldeko partaideak dira Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak, eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikari lasartear eta hernaniarrak. Asier Sotak zuzenzen ditu.
Emanaldi honek berrikuntza bat badauka taldekideen esanetan. Oraingoan ere, bertso doinuak erabiliko dira, baina bestelako doinuak ere gehitu dituzte: buleria bat edo son kubatarra, adibidez.
Horrez gain, abesteko modua ere asko zaindu izana azpimarratu dute, eta kantu bakoitzak bere koreografia izango du. Horrela, kantua, poesia, bertsoa, antzerkia eta musika uztartu dituzte.
Bi bertsolariek, Muñoa lasartearrak eta Lizarralde oiartzuarrak, beraien esperientzien kontakizuna egingo dute, «bizitzaren gaineko hausnarketa bat». Baina, oraingoan, elkar ezagutu zutenetik orain arte egin duten eboluzioa kontatuko dute, eta ez norbera dena edo intimitate propioa bakarrik.
Horrela, norbera bestearekin erlazionatzen denean gertatzen direnak izango dituzte aztergai: botere harremanak, elkarrekiko lehiak, batak bestearekiko izaten dituen interesak, besteari begiratzeko moduak, inbidiak, amorruak, maitasun keinuak, zaintzak... 
Hala ere, gaiak sakontasunez hausnartu arren, umorea izango dela osagai nagusia; «denbora tarte eder bat pasatzeko parada izango dute ikus-entzuleek».

Sarrerak salgai 7 euroan
Sarrerak 7 euroan daude salgai, www.donostiakultura.eus webgunean. Hurrengo emanaldiak  Asteasu, Zaldibia eta Oiartzunen dituzte, otsailaren 14, martxoaren 27 eta apirilaren 4an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!