Dobera Euskara Elkartea

Salgai sarrerak, Ene Kantaken 'Satorjator' ikuskizun berrirako

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 6a, 00:00
'Satorjator' antzerki musikatu berria 2 urtetik gorako haurrei zuzendutakoa da. Argazkia: Ene Kantak.

Otsailaren 29an ikusi ahal izango da emanaldia Orona Fundazioan, Jauregin. Sarrerak 10 euroan daude salgai Hernanin, Astigarragan eta Urnietan.

Ene Kantak proiektuaren antzerki musikatu berriena ekarriko du Dobera Euskara Elkarteak Hernanira, Satorjator, eta sarrerak salgai jarri berri dira. Emanaldia otsailaren 29an izango da, Jauregi bailaran dagoen Orona Fundazioan. Bi saio egingo dira: 16:30etan bat, eta 18:30etan bestea.
Sarrerak 10 euroan erosi daitezke dagoeneko, Hernanin, Dobera-Kronikako Larramendi kaleko bulegoan; Astigarragan, Kale Nagusiko Merke Azoka dendan; eta Urnietan, Maximo Yurramendi kaleko 2KN okindegian. Prezioaren zati bat, 7 euro, ikuskizuna ordaintzeko izango da, eta beste 3 euroak, Dobera laguntzeko.

Beldurrei aurre, dantza eta musikak lagundutako abenturan
Ene Kantak proiektua 2011n sortu zuten Urko Oskoz eta Nerea Urbizu irakasleek, euskeraz haurrentzako kanta berriak sortzeko asmoz. Aurreneko lan hartan Jesus Irujo ere elkartu zitzaien.
Proiektuarekin beste helburu bat ere izan zuten hasieratik: euskeraren alde lan egiten dutenei laguntzea. Horrela, Sortzen elkartearekin harremanetan jarri, eta aurreneko 19 kanturekin osatutako DVD eta CDarekin lortutako etekinak Nafarroako zonalde ez euskaldunean dauden familiei laguntzeko bideratu zituzten.
Ordutik hona, 7 disko eta 5 ikuskizun sortu dituzte, eta orain, Satorjator antzerki musikatu berria aurkeztu dute. Emanaldi berri hau 2 urtetik  gorako haurrei zuzendutakoa da, eta 80 minutuko iraupena dauka. Bertan, Eneko eta Nerea izango dira protagonistak, eta bidaia magiko berri batean murgilduko dira: Lur planetaren bihotzera. Aitatxik emandako mapari esker, altxor magiko bat eta lagun berriak eta aspaldikoak topatuko dituzte. Beldurrari eta hango abenturei aurre egingo diete abesten eta dantzan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!