ingurumena

Zuhaitzak landatzeko egunak, larunbat eta igandea

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 6a, 00:00

Hernanin Kaldera Zaharretan landatuko dira, etzi. Oinez, 08:00etan, edo autobusez, 09:00etan, joan daiteke. Astigarragan, igandean egingo da.

ASTIGARRAGA-HERNANI  INGURUMENA

Asteburu honetan egingo dira Zuhaitz Egunak Hernanin eta Astigarragan. Zuhaitzak landatzen aurrenekoak hernaniarrak izango dira. Larunbaterako jarri da hitzordua. Astigarragan, igandez egingo dira landaketak.

 

Kaldera Zaharretara, autobusa

Bertako haritzak landatuko dira aurtengo Zuhaitz Egunean, Hernanin, eta horretarako aukeratutako landa eremua Larre Gainen ondoan dago. Kaldera Zaharretan egingo dira landaketak; «200 bat landatuko dira», Roxario Pikabea basozainaren esanetan.

Bertara joateko, autobusa aterako da Elkano kaletik, Biteri ondotik, 09:00etan. Oinez ere joan ahal izango da 08:00etan Plazatik aterata. Parte hartzeko nahikoa izango da azaltzea. Autobusa Irubideraino joango da. Handik, oinez egingo da ibilbidea Zepadiko putzura, eta segidan, Kaldera Zaharretara. Buelta, Larre Gainen barrena egingo da, eta Ereñotzun hamaiketakoa egin ahal izango da; nork berea eraman behar du. Hernanira bueltatzeko autobusa Ereñotzutik aterako da 13:00ak inguruan.

Aurtengoa 47garren Zuhaitz Eguna izango da, Joxe Legarretaren omenezko XXXIII. edizioa. Bereziki haurrei zuzendutako ekitaldia izaten da, baina helduek lagunduta joan behar dute.

94 astigar berri, Andre Gobadarien parkean

Astigarragan, bestalde, iganderako jarri dute hitzordua, eta aurten ere astigarrak landatuko dira, urtero bezala. Baina, edizio honetan, Andre Gobadarien parkean, eguerdiko 12:00etan.

Astigarragan, aurreko urtean jaiotako umeen familiei egiten zaie gonbidapena landaketan parte hartzeko; aurten, 2019an jaiotako 94 umeren omenez landatuko dira astigarrak. Gonbidapena etxean jaso ez dutenek, 943 33 52 41 telefonoan eskatu dezakete. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!