Santa Ageda bezpera

Atzo zaindutako eztarriak, gaur urratzeko prest

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 4a, 00:00

EreƱotzuko gaztetxoak izan ziren santa eskean ateratzen aurrenekoak, igandean.

Santa Ageda bezpera ospatuko dute bailara osoan, goizetik iluntzera, eskoletan zein kalez kale. Ekitaldi berezia egingo dute Hernanin.

Egun seinalatua izango da gaurkoa, Urumea bailara osoan. Santa Ageda bezpera da, eta makilak hartuta, santa eskean aterako dira herritarrak, goiz zein arratsalde. Atzo San Blas egunez ondo zainduta, eztarriak sano dauzkatela erakutsiko dute denek, gaur urratu arte kan­ta­tzeko prest. Gogo faltarik ez dute izango, ereñotzuko gaztetxoek igandean falta ez zuten bezala.

Katiluzar guraso elkarteak antolatuta, haiek izan ziren santa eskean ateratzen aurre­nekoak, igande goizean, esko­latik abiatuta. Eta auzo osoan barrena kantari, bidea egin zio­ten, gaur bailara osoan izango den hitzordu sorta zabalari.

Ereñotzun bertan, hain jus­tu, Ur-Mia elkarteak jarri du gaur­ko hitzordua, eta arra­tsal­deko 16:30etan abiatuko dira.

Ekitaldi berezia Hernanin, lau abesbatza elkartuta
Hitzordu bakarraren faltan, ha­maika zita izango dituzte Her­nanin. Goizean eta eguerdian, eskola guztiek ospatuko dute Santa Ageda bezpera, kalera ate­rata zein ikastetxean bertan.

Eta arratsaldean, herriko abesbatzen txanda izango da. Bakoitzak jarri du bere hitzor­dua eta prestatu du bere ibilbi­dea, herrian barrena kantuan aritzeko. Baina aurten aurre­ne­koz, hitzordu berezi bat ere jarri dute: iluntzeko 19:00etan Plazan elkartuko dira Goiz Eguzki, Kan­tuz, Ohitura Zaharrak eta Her­nani Musika Eskolako abes­batza, elkarrekin abesteko; eta herritar guztiei luzatu diete gon­bitea, haiekin bat egiteko.

19:00etan Plazan, elkarrekin abestuko dute Goiz Eguzki, Kantuz, Ohitura Zaharrak eta Musika Eskolako abesbatzak.

Astigarragan, berriz, bi zita dauzkate arratsalderako. Aurre­na, Norberto Almandoz musika eskolako haurrak aterako dira, 17:00etan; eta ondoren, musika eskolako helduak eta Aiztondo abesbatzakoak abiatuko dira kantari, 19:30etan.

Eta Goizuetan ere, arratsal­derako jarri dute zita he­rri­ta­rrek, erronda egiteko. 18:30etan aterako dira.  

SANTA AGEDA BEZPERA

HERNANIN
Urumea ikastolan, kalera aterako dira 10:45etan, eta eskola barruan egingo dute 16:15etan.
Elizatxo ikastolan, 11:00etan aterako dira kalera.
Inmakulada ikastetxean, 11:00etan aterako dira, Kaxkoan barrena ibiltzeko.
Langile ikastolan, LH5ekoek Laubidieta eraikinean abestuko dituzte koplak gelaz gela; eta LH6koak Meabe eta Bidebietako geletara joango dira.
Institutuan, 13:45etan kantatuko dute Santa Barbara eraikinean, eta Agustin Iturriaga eraikinera joango dira gero. Bukatzeko, inguruko etxeetan abestuko dute, 15:00ak aldera.
Abesbatzak, iluntzeko 19:00etan elkartuko dira Plazan, ekitaldi berezi bat egiteko: Goiz Eguzki, Kantuz, Hernani Musika Eskola eta Ohitura Zaharrak. Elkarrekin abestuko dute bertan, animatzen diren herritarrekin. Lehenago eta ondoren, herrian barrena ibiliko dira, bakoitza bere buelta eginez. Zaharren egoitzatik abiatuko da Goiz Eguzki abesbatza 17:45etan, eta ordu berean Milagrosatik Ohitura Zaharrak abesbatza.

ASTIGARRAGAN
Norberto Almandoz musika eskolan, 17:00etan aterako dira haurrak, kantu jira egitera, Foru Plazatik abiatuta.
Aiztondo abesbatza eta musika eskolako helduak, 19:30etan aterako dira Foru Plazatik, santa eskean.

EREÑOTZUN
Ur-Mia elkarteak, 16:30etan jarri du hitzordua, Santa Ageda bezpera ospatzeko.

GOIZUETAN
Herritarrak, 18:30etan aterako dira, kalez kale erronda egitera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!