Erraustegia

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak ukatu egin du GuraSOSen akusazioa

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 3a, 00:00

 GHK-k azaldu du probak «ingurumen baimenean aurreikusitakoaren arabera» egiten ari direla.

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak ukatu egin ditu GuraSOS plataformak egindako akusazioak: «GuraSOSek publikatutako informazioak ez datoz bat errealitatearekin, eta informazioa modu partzialean erabili dute iritzi publikoa manipulatzeko».
Ekainaren 11n jazotako «gertaeraren» harira, GHK-k ukatu egin du transformadorean eztanda bat jazo izana, eta «zirkuitulaburra» izan zela ziurtatu du. Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuak «arduragabekeriaz» jokatzea egotzi dio GuraSOS plataformari, eta «alarma soziala» pizteko helburuz herritarrak «desinformatzea» leporatu dio.

«GuraSOSek jarritako helegite guztiak ezetsi dira»
GHK taldeak ohar batean gogorarazi du «GHK-k beti jakinarazi diela erakunde eskudun guztiei Gipuzkoako Ingurumen Esparruko balorizazio energetikoko plantan (PVE) gertatutako gorabehera guztien berri».
Jose Ignacio Asensio GHK-ko presidente eta Ingurumen diputatuak adierazi duenez, «Beste behin ere, GuraSOSek arduragabekeria haundia egiten du herritarrak desinformatuz, gizartean alarma sortzeko asmo bakarrarekin». Ildo horretan, «Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak behin eta berriz esan nahi du arretarik eta gardentasunik handienaz jokatu dela beti, Partzuergoaren Batzarrari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta erakunde ezberdinei helarazitako informazio guztiaren bidez egiazta daitekeen bezala».
GHK-k gogorarazi nahi izan du, «GuraSOSek jarritako helegite eta salaketa guztiak ezetsi izan direla beti. GHKren arabera, ekainaren 11n ez zen inoiz transformadorearen leherketa gertatu, «Baizik eta konplexua energizatzeko lanetan gertatutako gertakari bat izan zen, zirkuitulabur bat eraginez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!